Jean Barbier
PIARRES I
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992
http://klasikoak.armiarma.com/
Egileari buruzko informazioa:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00348.htm
Aintzin-solas
Eskuarazko liburu bat gehiago.
Pfu... eginen dute zenbeitek, soin gainak higituz, halako aire minthu batekin. Zerentzat? Nork irakurtuko du?
Zerentzat?
Eta, ez duzue, dohakabeak, ikusten Eskual-Herria egunetik egunera ttipitzen hari zaukula?
Ez duzue ikusten, gu, Eskualdunen izaite berezia, bertze gizakietatik oraidino gora berextu gaituen izaitea, izatu diren jende eta gauzen hobi zabalean etzateko heinean dela?
Eskualdungoak, gure gizontasunak, orai arte nunbeit han iraun badu, bazterretako erauntsi eta zalaparta guzien gatik, dohain berezi batzueri esker iraun duela? Eta dohain hoik: fede, ohidura, josteta, etxe, oihan eta lur guziak oro ahulduz erhaustuz, ezeztatuz dohazila?
Ongarristatuak, arthatuak ez diren pentze alhorretan, udaberriari buruz satorrak nausi.
Lurpez, nehor ohartu gabe, bere lan galgarria baderama satorrak; eta gero, noizpeit, etxeko jauna ohartzen denean etsaiaren jauregieri, harriturik, errabian dago. Berantegi.
Zonbat etxe, zonbat jauregi, itsas bazterrean, zonbat oihan, mendi mazeletan, nolako eremuak, Lapurdin bereziki, arrotzen eskuko direnak, arrotzen meneko!
Nun gorde dire ontasun eta etxe horien jabe sortu zirenak, ihesi norat joan dire?
Ai! arrotzen diru madarikatu horrek ezbalu etxerik eta lurrik baizik erosten! Gogoak eta bihotzak ere beretzen baititu, zorigaitzez, ebasten dauzkigula!
Ongi ethorri! beraz, Piarres liburu berriari.
Lehenagoko eskualdun zaharretarik dugu Piarres gaztea. Kontrabandan hari da, pilota partida batek ez du izitzen; igandetan meza bezperak entzunik eta bi mus ustelen artetik, badaki, eskualdun kantu pollitenaren itzulikatzen. Oihanaldekoa da Piarres. Erroak hazkar ditu Oihanaldeak, aitaxotik semeatxira, guziek, behar orduz eta behar den bezala, ematen baitakite Jainkoari berea, auzoari laguntza eta lurrari lana.
Baina arrotzak ez ditezila Oihanaldetik hurbil, lur mikorik erostekotan!
Ai! Oihanaldetarren idurikoak ukan baginitu eskualdun etxeko jaunak orai arte! Berant bada berant, egungo egunean oraino, Senperen bezala, Itsasun, Donibanen, Milafrangan eta, arranoek begi pean dauzkuten bertze zenbeit herritan, Oihanalde hainitz baginu!
Liburu ederra, liburu ona, liburu beharra: Piarres.
Bainan nork irakurtuko du?
Nork irakurtuko duen? Eskualdun gazte guziek... Eskual-Herriaren eritasuna ezagutzen duten... ezagutua behar luketen sendaginek eskura baliezeete.
Sendaginetan lehen, herrietako apezak. Nahi duenak nahi duena erran dezala. Daukat hemen, Eskual-Herrian, Erlijionea eta Eskuara, gure ohidura zaharrak eta sinhestea elqarri josiak dabiltzala, eta hain aspaldian nun, ahulduz eskuara, galduz ohidurak, nahi-t-ez ttipituko baituzue fedea eta kasik hilen azkenean.
Egiaz diozu, Barbier, «Elizetan hegaldaka dabilan arima gabe, arima gabeko gorphutz bat baizik ez dela Eskual-Herria».
Senpereko eliza gerizatzen duten arimek Senpereko lurrean dituzte gorphutzak. Hezur ala hauts, berriz piztuko dire. Senpereko etxe batean sortu ziren, etxe bereko lurrarekin lanean higatu, etxe berean hil.
OXOBI
I
Ama semeak
Ilhun-nabarrean, keetara joanik, zeruari, hedoieri beha eta beha eman zen Piarres. Mendealetik heldu, zirurikan iragaiten zitzaizkon lanho ilhunak, etxe-kaskoa herrestaka hunkitzen zutela. Kurlinka erlastu batzu inguruka sumatzen zituen, han, Olhasoko sorhoetan, dena marraka eta intzire. Eta hirri bat ethorri zitzaion Piarresi ezpainetarat, begiak argi argia egiten zitzaizkola. «Guarda gutti ikusiren diagu gaur, erreka horietan!...».
Etxerat buruz itzuli zenean, ama, hain maite zuen bere ama, hanxet zuen, athearen ondoan, har¡ begira hura ere:
—Zer bada, Piarres, hor gaindi behar othe zaitugu gau huntan oraino? Grinaz hilarazi nahi nauzu beraz, haurra?
—Hilarazi? Grinaz? Ez balin ba!... Zertaz behar zira grinatu, ama? Behin orano ez naukate Senpereko guardaño horiek beren aztaparretara bildurik?
—Ez bildurik? Hurren bildurik ez othe zaituzte izan, iragan egun batez?
—Bai, hala da, ama, bainan ene gerriko higatuxe bat utzi diotet eskuetan, eta deus ez bertzerik. Aingira harrien artetik bezala, iragan nitzaiote bi othe mustuken artetik. Eta uste dut, gibelarakoan, othe adar horietatik batek zaflako eta sistako ona eman diozkan garaztar guardari.
—Bethi bardin izanen zaizkit beraz, Piarres? Bethi bardin axola gabea? Bainan, kontu emazu zure gerrikoa azkarragoa ez dadien gertha bertze aldi batez, eta orduan, ahalkea diteke guretzat.
—Ahalkea? Eta zertako, ama? Baditeke kontrabandan ari diren guziak ez diren aberasten. Bainan bat ez dakit kontrabanda hortan ohorea galdurik. Egia edo gezurra, aditua ere dut, Eskual-herriko auzapez edo herriko gizon bat baino gehiago hautatu dela, kontrabandan ari zirela orok jakina gatik. Ez, ez ama, kontrabandixta ez da ohoin bat, hurbilik ere. Zaude deskantsu. Beren puskak edo kabalak ongi pagaturik, nehori makurrik ekarri gabe, beren irabazia ongi beretzen dute egundainoko kontrabandixtek.
—Zoazi eta errozute hori guarden aitzindarieri...
—Guarden aintzindarieri? Guk hazten ditugu eta guardak eta heien aintzindariak! Zer egin lirote gu gabe? Bertze lan bati lotzea lukete, eta, segur, ama, lan hori ez lezaketela laborariena har edo kontrabandixtena! Deskantsu begozi bertz guardatto horiek. Gure beharra badute horiek, guk horiena baino gehiago, eta gobernio guziak horien beharretan izaiten ohi dire bethi, bozkatzeak heldu diren guzian. Muthil hoberik ez dute gobernioko gizonek...
Horra zertako, ama, gobernioak ez daukun baitezpada kontrabanda debekatzen, bainan bai, aintzinetik erraiten ere daukun bezala, eskuetarik hartzen, ahal duen aldi oroz, ongi gaziturik uzten gaituela, guardek haren aztaparretarat bildu gaituztelarik. Horrela, gobernio, guarda eta kontrabandixtak, oro bizi ditezke, zoin bertzea baino hobeki,... kontrabandixtak gaizkienik.
—Ori, haurra, ez dakit bada nik, horrenbertze ez dautazu erran egundaino. Bainan, nahi zinduzket bertzelakatua. Ah! —hain adixkide duzularik— jaun erretorak nola ez zaitu bada kontrabanda madarikatu hortarik oraino gibelatua? Etxeko oilasko parerik ederrena eremanen bainioke, mirakuilu hori egin baleza sekulan!
—Oilaskoak begozi oilategian, ama, edo eremotzu erretorari, kontrabandarik aiphatu gabe, heldu diren Phesta-Berrietan jan ditzagun harekin, Jainkoaren lorian. Jaun erretorak barkatzen dauku kontrabandan ibili garenean, bainan ez dauku erranen, ez dezaguke erran kontrabandan ibil gaitezen. Hori sobrakina galda ginioke. Bertzalde, gure etxe-lanetan nahiago gintuzke harek ere, zuk bezala, ama, zeren, askotan etxeko segida galtzen duen kontrabandixt batek baino gehiagok. Aithor dut hori, ama, eta ahalketzen ere naizela nere lagun zonbaitez...
Bainan, noiz holakorik ikusi diozu zure Piarresi? Othaskaz othaska ibili ondoan, noiz egundaino aztaparretarik, adaretari biharamunean berriz lotzeko?...
Hori hola da engoitik, ama gaixoa. Zuhaurrek eta zure aita zaharrak odolean emanaz errenkuratzen zaizkit gaur! Eta gero, Eskual-Herrian ez zen lehenago kontrabandarik, zeren ez zen muga-harririk. Zertako eman dituzte muga horiek Dantxariako edo Irungo zubieri hurbil? Eskualduna ez othe da berez bere ibili behar Eskual-Herri guziko mendietan? Gure lehenagoko zuzenetarik, hori bederen ez othe ginuen begiratu behar, hori bederen ez othe zaukuten utzi behar hego-aldetik edo iphar-aldetik guri nausitu erresumek?
Ez naiz batere Frantses-Herritik zeiartu beharrez ari, ama, zeren maitexko dutan Frantses-Herri handia. Bainan, behin ere ez baitiot aiphatu, ongi jakin nahia nindake, jaun erretorak zer othe dion hortaz? Kastillara batre gabe, eskualdun mendi guzietako zuzenen jabe eskualduna! Hoi hoi loria, ama!
—Zure loria eta moria guziaz hirri egin lezake, ori, gure jaun erretorak. Ametsak ez du egundaino hazi gizonik, Piarres...
—Hala hala da eta, ama. Ametsetako lukainkez bertzerik behar dut gaur, eta, othoi, xingar zafla bat ona erreko dautazu, xahakoa nik bethetzeko artean. Ira-lekutik aita ethorri ere gabe, han harat urrun joana niteke, nere lagunengana.
—Bai, eta, zure amak, erran dituenak oro debaldetan erranik, lorik gabe, dena grinetan, othoitzean artzea duke gau luze itsusian!
II
Ortzango errekan
Uria jauts-ahala ari zuen orai. Haizeak, bira-bina lurrean hildurik azken ostoak, furfurian zeramazkan alde orotarat. Ametz ihartuek, norbeit edo zerbeit harrapatu nahi izan balute bezala, beren adar luzeak luzatzen zituzten ilhunpean...
Bainan, uriari, haizeari, hosto eta adarreri konturik egin gabe, bristi brasta bazoan Piarres, han, mugatik hurbil atxeman behar zituen laguneri buruz.
Arbola zilo batetarik, huntz handi bat airatzen zaio, xixtuz, eta berehala, burla batean, urrundik kantuz hasten: «Huu, huu!».
—Zer duk, huntza, huu eta huu? Ez nauk bada izitzeko errexa! Ala, iragan gauean bezala, guardak salatzen othe dazkidatak?....
Eta hor, hirri batean, orhoitzen da Piarres, amak ostixoan erran bezala, aintzineko gau ilhun batez, Uroneko gain hetan, Azkaingo mugan, guarden eskuetan gelditzen dela. Jan-Batit beren aintzindariaren erraneri behatu gabe, bazoazin sei lagun, biranazka, hogoita hamabortz pintako untzia bizkarrean. Errekaz erreka, zokoz zoko, Jan-Batit axeri zaharrak galdatzen zioten bezala joaiteko orde, gainez gain bazoazin, Miarrizko itsasargiak bidatzen zitula.
Bet betan, Serresko Jauregiari hurbil, seietarik azken biak ondotik zituztelarik pentoka gainerat igaitekoak oraino, bi guarda xutitzen zaizkote aintzinean, bertze bi, aldiz, gibeletik jalitzen: «Haltelà!». Piarresen lagunarekin jada borrokan ari da guardetarik bat, eta bertzea gerruntzetik lotzera doa Piarresi berari, ahapetik, erdi trufan eta hatsa joanik, erraiten diola: «Ago, to, ago, ez deus bat, izpirituaren garreiuan lagunduko haut berehala!».
Oldar batean, jauzi bat izigarria egin zuen orduan Piarresek, eta gerrikoa guardaren aztaparretan utzirik, bere untzia bethi bizkarrean, bazoan orai demuntreak hausteko, aldapari behera. Guarda haren ondotik, kasik hura bezen laster. Olhagaraiko landan huna orai non diren, Piarres bethi aintzinean, bethi eta aintzinago. Guarda sumatzen du hatsantua, ethendua, bainan bethiz han, zonbeit urhatsetan. Behin ere arthiki ez duen untzia behar othe du berhorat arthiki gaur lehen aldikotz? Ez oraino segurik! Eta sukar bat belhaunetan, badoa, badoa, ilhunbean, bethi eta zaluago. Guarda ez du gehiago gainean... Bainan, oi, Piarresen zoria! Han, landaren buru buruan den keeta nola idek nola handik iragan, guarda gaineratu gabe?...
Hainbertzenarekin, tiro bat iditzen du han, urrun, Serresko kaskoan. Guarda gelditu da. Etsitua bide duke, eta bertzalde, tiroz haren galdea dukete lagunek. Piarres salbu da oraikotik, gerriko txar bat, hartako eremana zuen gerriko txar bat, garaztar guardari utzirik doi doia.
* * *
Eta Piarres, orhoitzahen horrek arindurik, tanpa tanpa badoa bethi, Beholan harat, Kamieten-bordan harat, Atsulaiko azpitik, Urdazurirat buruz.
Bet-betan, azienda zerbeit, ezpainak luzatuz, norbeitek akulatu nahi balu bezala, han, alde aldean, haitz ondo baten parretik heldu, aditzen du halako xixtuñasta bat: «Bvuu! Bvuu!»... Begi onak zituen Piarresek, bederen ostixoko huntzaren begiak bezen onak. Gehiagokorik gabe, Franxixko, beren espiuna laster ezagutzen du beraz, han, arbola-ondoarekin bat egiten duen mamu hartan.
—Hi haiza, hor, Franxixko? Zer berri da?
—Lagunak bilduxeak direla dakikan bordaldean, bilduak ere gaur iraganarazi behar ditugun hogoita bi pottokak.
—Eta guardak?
—Oh! guardak! Beren ohe-kamantzetan hobeki dituzkek, holako gauarekin!...
—Hoa hi, to, sekulan! Herbia lo ez othe ziagok...
—Ba, errana den bezala, herbia lo ziagok uste ez den tokian, eta guardak... beren kamantzetan... Senpereko guarda horietarik ez duk bethi, gaur oraino, bihirik agertu hemen gaindi, eta Dantxariakoak ongixko diaudek, hantxet, beren atherbean kukuturik. Hemen ikusten hautanaz geroz, ni heienganat joan ere gabe, errotek beraz laguneri, aiphatu tenorean mugi ditezen, eta zalhu zalhua gero! Xipatua nauk zangoetarik kaskoraino, eta hormatua zinez eta egiazki. Erna zaizte beraz, eta zuek, hor, nere gibelean sumatu bezen laster, han harat aintzina joanen nauk, Ganix bertze espiuna kausitu arte. Deskantsu ethor zaitezkete; badiat beldurra, oraikotik, nehork ez duen jakin gaurko gure balentria.
—Erran bezala beraz, Frantxixko, eta Jainkoak digula gau on!».
* * *
Hogoita bi gizon bilduak dire orai, mugaz haindiko borda zaharrean. Bostpasei gizon adinetako, gaineratekoak oro gazteak edo sasoin ederrekoak, begiak argi, oinak zalhu, guziak gizon deliberatuak.
Eta Jan-Batit, orok nausi-burutzat aspaldi onhartua dutena, huna mintzo non den, bere azken manuak erraiten diozkatela.
«Alo, hots, muthikoak, ernatu behar diagu. Ez duk errana uri hau laster athertuko edo bederen eztituko ez dela. Lehen pottoka bigarrenari buztanetik estekaturik, bi pottokentzat bi gizon, batto aintzinean, bertzea gibelean. Senpereko mugartino saratarrak eta ainhoarrak aintzinean; Senpereko mugatik eta harat, saratarrak gibelean, kabalen akulatzaile.
»Ez neri egin iragan gau horietarik batez bezala. Elgarretarik ehun hurratsetan, goazen errekaz erreka, eta nahiz ilhargirik ez den, itzalez itzal bethi. Mendibizkarrak begozi kasko arinentzat. Beholako gain hetarat ethorriko ziaguk Ganix, eta anhartean, Franxixko hor diaguk, begiak ernerik. Goazen beraz beldurrik gabe, bainan beharriak xut, Ortzango errekan barna, Motxokobordari buruz, larrez larre bethi; eta gero, Bokaleko su handien parretik eskuin, bethiko gure bidetik. Bihar goizeko bortz orenak gabe behar gaituk Baionan, dakizuen ostatuko abere-barnean.
»Guardarik suertez ager baladi, ez izi. Heien tiroek ezditek minik egin sekulan, gizon beldurtiari baizik.
»Gainerat jin bazaizkitzue, kolpe tzarrik ez eman, bainan bai borroka eta inharros-aldi bat ona. Lehenbiziko makilakaska emaitekoa diat gaurko egunean oraino, eta zuek ere naski hala hala. Ez gaituk gaur hasi behar. Ezinbertzean ohilduko zaizte beraz, eta ihesari emanen, Otsansbehereko Madalenarat gero atheratzeko.
»Bat edo bertze harrapatua balitz halere, eta ezin atheratu balin badugu guarden eskuetarik, bere onetan bazakikek harek ixilik egoiten, nehor gutarik salatu gabe sekulan. Eta ondoko egunetan badirek behar den laguntza guzia. Kolpe tzar bat harturik ospitalerat eremana balitz ere, hura sendatuxe orduko, otomobil bat baino gehiago izanen duk, haren toki segurerat eremaiteko; han hobe baituke lehenbiziko amiztiak arte, ezen ez eta Baionako presondegi ilhunean... Bazaiztea?».
—Bagaituk.
* * *
Eta, lerro Ierro, ixil ixila heldu ziren orai hogoita bi gizon eta hogoita bi pottoka, biranazka, elgarretarik ehun bat urhatsetan, saratarrek kaprestutik zaukatela aintzineko behorra, senpertarrek gibeletik makilarekin akulatzen zutelarik bigarrena.
Batixta zaharra bigarren zaldietatik baten gainerat hupatua zen, ixil ixila. Zahartua pitta bat zen, eta gero, Jan-Batit han zen, aintzin aintzinean, holako maleziarik ezpaitzezaken ikus gau ilhunean.
Gau ilhuna? O bai ilhuna zela, eta egiazki ilhuna! Noizetik noizera, larre-bidea huts-eginik, galtzen ziren bat edo bertze; eta, nahita ez, orduan, ondotik jin beharrak aintzintzen zitzaizkoten.
Ainhoako par hetan, gibeleko pottoka zonbeit irrintzireka hasi ziren, beren lagunak aintzinean sumatzearekin. Beharrik, laster ixildu baitziren, eta beharrik oraino, guardarik ez baitzen han gaindi!...
Kamieten-bordarat gabe, senpertarrak, xokoen berri hobeki bazakitelakotz, aintzinean eman ziren, gibelean aldiz saratarrak, Jan-Batitekin hala hitzartu bezala. Handik oren-laurden bat gabe gero, oro bildurik zauden Beholako gainean, Frantxixkoren beha. Gehienak izerdituak ziren, bainan altzeirua bezen hazkar bethi. Ahamen bat ithoka jan zuteneko, xahakoak eskuratu orduko, han zuten Frantxixko: «Beholako guardak Xilarreneko hegazpean emanak ziren, eta Ganixek, Handia eta itsasuarra, karrikako bi guardak segitu zituen Motxoko alderaino, eta gehiago ez ikusi; atherbe zerbeitetan etzanak, hori gauza jakina».
—Hots! Goazen beriz aintzina. Piarres, hemengo xori xaharra baihaut hi, lehen lehen eman hadi; gibelean emanen nauk nihaur, Xilarreneko ihizi horiek trukes-joko zerbeit egin ere balezate. Hi, Frantxixko, hoa berriz Ganixen bidera, eta begiak eta beharriak erne egon hor!.
Eta, Jan-Batitek erran bezala eman ziren oro berehala. Eta, bazoazin, larrez larre, errekari gora, hitz erdi bat elgarri erran gabe gehiago. Hogoi eta bi gizonak, hogoi eta bi pottokak han ziren orai, oro errekan sartuak.
Bet-betan, hatsantuak, elgarrenganik hogoi urhatsetan, laster eta laster heldu, atheratzen zaizkote Frantxixko eta Ganix, espiun agitzaileak:
—Guardak! Hortxet heldu, Motxoko aldetik hunat makurturik....
Eta hanbertzenarekin, oihu bat aintzinetik: «Haltelà!" Eta gero tiro bat... Handia eta itsasuarra, hor aintzinenan!... Bertze oihu bat, bertze tiro bat gibel hartan... Xilarreneko guardak, heldu hek ere, malezian ordu arte beren buruak bazterturik...
—Debruen bisaia! Salatuak gaituk. Berma hor, muthikoak, eta nik erranak oro egin!.
Piarresek Handia hor du, hamar urhatsetan, bere zango alimaleekin heldu, jauzika; itsasuarra gibelaxagotik, lasterka hura ere. Piarresek, egundaino ordu arte, ez du pottokarik utzi guardetan atrebituenari... Berehala, ahapetik, ithoka, erraiten dio bere lagunari:
—Bahaiza, to? Zafra zak hire hoi, eta jo biek eskuin, bethi eskuin.
Eta Handia, bere beso kankailekin, gizon edo potoka, zerbeiten hartzera doalarik, jauzi batean eskapatzen zaizko pottoka eta gizonak, irrintzireka pottokak, erhotuak gizonak. Oren laurden oso bat, othaskaz othaska, pentokaz pentoka, fur furian eta trumilka badoazi hiru gizonak. Doi doiak egiten du saratarrari lotzen ez baitzaio guarda thematsua. Bainan ez. Aski goizik bazterrerat salto egiten du kontrabandixtak; eta orai, guarda bethi ondotik, ximixta bezala badoa Piarres, bere bi pottoka erhotuek airean deramatela, haur bat eraman lezaketen bezala. Umatua da, leher egina. Buruhas, galtzak pusketan, badoa bethi, ithotzera doana arbola adarrari bezala, aztaparka lothua kaprestuari...
Handia bethi ondotik othe du? Huna jada, Mendiburuko borda... Bihurgune batean, eta batere gelditu gabe, behatzen du gibelerat... Ilhunbeak baizik ez ditu ikusten. Herrestan eremaiten dute zaldiek ehun bat urhats oraino; bainan gero, leher eta zapart eginak hek ere, eta Piarresek gibel-karga hazkarkiago eginik, zankez gelditzen dire, ikare-daldaretan. Eskuaz eztiki balakatzen ditu orduan Piarresek, eta gero, beharria lurrari, luze luzea emaiten da, larre-sorhoaren gainean, gizon-urhatsik deus sumatuko othe duen?... Ez! Handiak noizpeit etsitu bide du, han, behere hartan... Jarririk, orduan, bultatto bat deskantsatzen da gizon gazte zainharta. Hatsaren hatsez, bulharrak goiti eta beheiti ari zaizko, zapart egin nahi baliote bezala.
—Ah! nere xahakoa! Ah! gure ama onak eman xingar zafla!. —Bainan, xingar eta xahako, oro han erainak ditu, doi doia, Ortzango errekan!...
* * *
Handik oren bat gabe, Otsansko kaperarat, erdi herrestan, erdi mainguka, terren ten ten, bat bertzearen ondotik heldu, ikus zitezken hogoita bi gizon, eta hogoi pottoka.
Jan-Batit harat hunat bazabilan, begi zorrotz batean; eta, leher eginak, bertze guziak, hari begira, erdi etzanak zauden, kapera zaharreko paretaren inguruan. Bere ulitxekin uzteko hobea zen Jan-Batit kapitaina...
Eliza zaharraren zola zolan, zabal zabala ikusten den harrilauzaren gainean eman zen orduan Jan-Batit, eta bere laguneri erran zioten:
—Oro hor gaituk naski orai? Hogoita bi gizon, hogoi pottoka aldiz hogoi eta bietatik. Makurrago oraino athera gintezkean. Nork salatu gaituzken? Hobe dik harek hori guk ez jakinik. Bainan Jainkoak bazakik, eta aski duk. Piarresek eta Frantxunek pokado bat emanen diaukutek, hor, Otsansbeherean, xutik; eta gero, hemen gehiago mutzitu gabe, eta guardak berriz hunarat gabe, bideari lothuren gaituk, eta, argia gabe, Baionara helduko.
Eta, erran bezala, biharamun goizean, argi-hasteko, gehiagoko makurrik gahe, oro helduak ziren Baionarat...
III
Piarresen igandea,
biharamunean
Piarres, arrats hartan berean, Donianen gaindi itzuli zen etxera. Haren lagunak, zoin bere alde, joanak ziren hek ere, bertze balentria bat arte zuhurki ohilduak.
Urhe pullitak sakelan zeramazkan, gorri gorria, krin krin ontsa egin nahiak oro. Bainan, ez; mokanes gorrian tinko korropilaturik, ixil eta prestu heldu ziren Piarresekin, eta Piarres bere buruarekin gogoetetan ari zen. Aldapan hunat, Mingotenean hunat iragaitearekin. Zer boliada bezperakoa, han, Ortzango errekan! Ez zen haratik ez hunatik, Handiaren eskuetan doi doiak egin zuen ez baitzen aldi huntan gelditu! Guarda zaintsua hora, bat izaitekotz! Eta gizon ona, prestua, zuzena, deusik haren kontra athera ez ziteken gizona, bere eginbidea baizik ez zakiena sekulan!...
—Zer ahamenean ahal dagon guretzat, den tenorean!... Mirakuiluz bezala begiratuak ez othe ditiagu gure hogoi pottokak? Bai, Jan-Batitek barda erran bezala, gaizkiago athera gaituk eta atherako ere oraino, hogoita bost aldiz... Bainan, goazin jakituz jakituz; egunean egunekoa, Piarres! Gure Aitan ere hola duk errana, eta ez haiz Jainkoa baino zuhurrago behar. Bego beraz. Handia bere aho-kiretsarekin. Bere eginbidea egin dezala bethi, orai arte bezala, eta gurea, gure biharko egitekoa, bego hura gure gain...
Gau beltza arras gabe, ilhun-zeinuetako, etxean zen gure Piarres, Olhaso kasko kaskoan, izar-arte ederrean izar bat iduri, urrundik ikus ziteken etxe xurian.
Piarres urrunduz geroz handik mogitu ez balitz bezala, ama han zen orai ere, hegazpean xut xuta, beltz beltza athearen ondoan... Bainan, bere hura entzun orduko, eta bere harek ikus beldurrez ahalketua bezala, brixtakoan sartu zen sukaldean, eta kanit handi bat eskuan, begiak dir dir loriarekin, eman zen xingar azpiari zafla gorri eder bat khendu beharrez.
Zonbat nahi zalu eta ixil itzalia izanagatik, ez zuen amak bere semerik enganatu, eta, hirri maite bat ezpain-xokhoetan, sartu zen beraz Piarres:
—Jainkoak dauzula gau on, ama!... Arrosario hoik higatuxeak ahal ditutzu gaur gehiago, bardako othoitz luzeak eginik. Bainan hala hala, uste dut baliatu ere zaizkitan aldi huntan. Zer nahi den, huna ni etxean, berriz ere...
Eta, begiak goseturik ezarriko zituen usain goxo batekin xingar azpia erretzen ari zen artean, hitz laburrez eta parabolarik gabe, erran ziozkan amari bezpertko berririk larrienak. l;z oro, bainan bai, ama soberi grinarazi gabe erran zitezkenak; gainetakoak, gero noizpeit kondatuko zituen beharbada... bere haurreri, neguko arrats zonbeitez, bainan ez bethi gaur bere amari.
Aita eta bertze haurrideak ez ziren oinon etxerat itzuliak, Piarres, bere otruntza eginik, xutitu zenean, zerbeit lani lothu beharrez hura ere. Bainan, amak, ezti eztia, erran zion, oherat zohakela arrats hartakoarengatik, eta lanari gero begitarte hobea eginen ziola, ondoko egunetan.
Eta oren laurden bat gabe, othoitz on eta labur bat eginik zurrungan gozoki, bi gau hetako loen hartzen ari zen Piarres.
* * *
Bihartmunean, —igandea— iguzkia gora zen jada, Piarres atzarri zenean.
Beherean, Marie, arreba zaharrena, sukaldeko lanetan ari zen, haurride gazteenak meza nausirat gero berekin eramaiteko. Aita-amak, goiz mezan ixil ixila izanik, sorhoaren buruan agertzera zoazin. Ahalkea... Piarresek zuen orai, igandetako bere atorra xuria emanik, arrebari agur bat erranik, keeta ondoan aita-amak kurutzatu zituenean. Ildako hirri bat —gure eskualdun halako hirri hura— ezpainetan, baztertu zitzaizkon biak, eta, aitak, bere pipa erhien artean harturik, burla maite batean erran zion:
—Zaude zu, Piarres! Gure zurrungak ere ez zaitu naski atzarrarazi eta ez bide nauzu, egun, behien uztartzen aditu!...
—Ezagun da, aita, zuhaur ere, kontrabandan, harramantza gutirekin harat hunat ibiltzen ikasia zirela lehen. Bainan, zu, ama... Ez nakien... Xuriko bera ere ez othe zinduten gaur atxemana? Sainga bat ez baitu oraino goiz huntan! Orai, ba, xanpaka, eta bazter guzietan zalapartaka...
—Ongi egin ere du, haurra. Asko jendeek baino gehiago ezagutza irakusten daukute frangotan gure alimaleek. Lo egitearen beharra bazinduen, Piarres. Amak erran daizkit oro. Zoaz beraz deskantsu, zure mezaren entzutera. Sarri arte, eta gero, gaur, tenorez etxera. Goizean goizik, bihar, behar dugu behereko landa hori itzuli, eta barnatik oraino, eta ontsa ongarriztaturik; ezen, akituxea dugu zonbeit urthe hautan. Sarri arte, Piarres.
—Sarri arte, aita; sarri arte, ama...
Eta, zalu zalua, jauzika ezpartin xuritan heldu zen orai Piarres, sorho handiari behera. Miñauta multzo bat, inguruka, biraka bazabilan, han, behereko landa hetan, beren kukurustak fantesiaka bezala gibelerat, hegal-azpiak iguzkira xuri xuria, berho guzietarik urrun, sorhoaren erdian, haur batzu bezala salto eta jauzi ari ziren, intzireka, xixtuka, hegal-zaflaka, hemen har beltz bat athera, hantxet zizari luze luze bat...
Urrundik airatu zitzaizkon Piarresi, behako bat doi doia eman baitzioten muthiko gazte erneak. Gauza bitxia! Oihan eta errekak oro hain ongi zazkien kontrabandixt harek eskerrik ez zuen ihiziarentzat, eta herrian, gutiz gehienek, ez harek baino gehiago. Herbi bakar zonbeit doi doia, eliza phestari buruz, artean atxemaiten zituenak, edo beharrez tirokatzen. Pekada zonbeit gero, Jaun merarentzat edo grefierarentzat,... eta hortan akabo. Mixel zaharrari uzten ziozkan bertzeak; eta martxoan, urrian, usoak hedoika Olhaso kaskoan iragaiten zirelarik, doi doia gelditzen zen lanetik, behako baten heieri emaiteko eta Goix-bideko gain hetan herriko aizinatuek edo ihiztari errabiatu bakhar zonbeitek igortzen ziozkaten tiro-banperi ohartzeko...
Herrirat heldu eta, bere asteko belharra karrika buruan erosirik, hura elizan sartzean berean, hasi zen meza-nausia. Kapelua, paretako itze handi bati dilindan emanik, selauruetan, bethiko bere tokian belhaunikatu zen, agur bat egin Jainkoari, gero bere ezkerreko eta eskuineko laguneri, eta arrosarioak eskuan, etxean laburxko egin goizeko othoitza berriz hantxet hasi zuen eta aldi huntan bururatu.
Orai kanta zezaken, eta deskantsuz, bere gazte lagunekin. Eta kantatzen ere zuen, kantatzen ere zuen orok, burrustaka gainetik beheiti, aldareko argiak harat hunat ibilarazteko heinean.
Jaun erretorak bere phedeikua bururatu zuenean, bet-betan, Piarres, begitarteko zain bat mogitu gabe halere, gauza bati ohartu zitzaion, halako laztan batekin. Denbora hartan oraino, guarda eskualdun gehienak eta bertze zonbeit ere elizan ibiltzen baitziren, ohartu zen beraz Piarres, Handia, guarda Handia, parrez-par zuela bertze aldetik, eta Handia hari begira eta begira zagola, bere begi beltz onekin. Dardara bat bozean, azkarkiago oraino kantaz ari zen orai muthil gaztea:
«Othoi, ama maitea, urrikal zaizkigu,
Jainko zure semea hasarre baitugu!».
Eta, Jainkoa, zuk barkha, gogora jin zitzaion, Handia ere hasarre zela gaur harentzat, eta Handiak ontsa gaizki entzuten zuela meza, igande hartan, eta Piarresek ere behar bada...
Gogorrarena behar zen beraz egin baitezpada, eta arima xuri xuri garbiarena. Ortzango errekan kaprestutik behorrak atxikirik, min egiten zioten oraino eskumuthurrek, puxka bat umatuak ere zituen bere hezurrak oro... Bainan, zerbeit egin behar zen, futxo!
Meza-nausitik lekora, hain xuxen, Pierre, Ibarroneko plekari pullita hantxet zuen aintzinean. Badoako berehala, eta gizon andana bat, arbola azpietan, beren zigarroak erre eta erre ari diren artean, erraiten dio:
—Bi duro bahuzke galtzeko, Pierre?
—Galtzeko? Ez! Bertze bien irabazteko, ba!
—To, Ortzango errekan bipher eginik, guarda horiek, begiak harmaturik eni baitaude, nahiz oraino xehakatua naizen, Frantzoari eta Aguxtini behar diagu biek ari, bezperak ondoan. Bahaiza?
—Ba, muthikoa, ba. Ez diagu bada holako bat eginen elgarrentzat, behar orduan? Gero arte, beraz, Piarres; banioak berehala, Frantzoa eta Aguxtin non kausituren ditudan...
* * *
Eta erran bezala, bezperak ondoan, lauak han ziren, errabotan, lauak pilotari lerdenak, ezpartin eta galtza xurietan, gerriko gorri eta urdinetan.
Gibelean, bi bazterretan, mulkoka eman zen jendea, gizonak xutik edo jarririk; haur txar andana bat —geroko pilotariak— jauzteka plazaren bi alderdietan, han, aintzin hartan, nehon ezin —errexituak. Pilotari zahar guziak han ziren jada, lehen lerroan: Xantiago, Théophile eta Xabatene, nehon guti ikusi baita holako hiru pilotari herri beretik betan atheratzen. Hiruak, doi doia... ez zahartuak, baina zohituak, Xantiago, bere bethiko Clovis zenaren mustatxa alimalearekin; Théophile, Jon Doni Petriri elizan erori kapelu eder bat buruan; Xabatene, zigarro bat —ez lehenagoko hura, hatik— bere ezpain mehe eta hortz xurien artean. Heien aldean, Dominixe zaharra, tente xutik egoki, lerden eta gazte, bere lau hogoi urtheekin; Ganix, Ganixon, Audet, Sanson eta bertze batzu oraina, eriak iguzkiari bezala, hek pilotari berotzerat ethorriak.
Aspaldiko jaun bikario ona, bere gazteen erdian, bati oihu, bertzeari hirri, gozoki ari zen. Jaun erretora ere han zen, bota-harriaren gainean xutik, bere Eskualdun gizonen erdian. Eta jaun erretora, jaun mirikua, jaun mera eta laborari hek guziak, bi eskuak bizkar gibelean kurutzaturik, han zauden, beren lanak eta grinak ahantzirik, orentto bat deskantsuan iragan beharrez. Gehientsuek aste guzia izanen zuten gero, lurrarekin borrokan artzeko, eta beren begitarte arraien zimurtzeko.
Eta kuxean hasi zen gudua. Pierre-ezkerrak bere saka bihurriak alderdi guzitarat zirurikatu zituen berehala. Eta berehala ere hasi trebesak, eta alderdi orotarik hetan:
—Hamar libera sakearen alde!
—Eginak dituk.
—Nahi duk berriz?
—Eginak dituk!...
Eta Jan Pierre, Mixel, bertze Jan Pierre oraino eta Battitta eta Gakien, oro betan oihuka:
—Hamar libera erreferaren!
—Hogoi libera sakearen!
Frantzoa, bi ukaldien artetik trebes guzieri ohartua hura ere:
—Hamar libera? Eginak dituk. Bertze hainbertze? Eginak dituk. Hogoi hamarri!...
Piarres, ixil ixila, bere hari dago, non xoko bat atxeman, non toki hil eta torta bat, harat pilotaren igortzeko.
—Hamar eta zazpi, sakeak hamar, erreferak zazpi, hogoita hamabortzetara! Xaxiarari edatera, a, a, a, a!
Eta Axkona gaizoa, luze luzea, Jainkoak gorapenean sorrarazi zuelakotz, kantaz ari da edo hobeki musikan, bere boz xarrmelarekin. Axkonaren aldean, bere zango luzeak bi plegu eginik, pilotari zonbeiten jauntziak sorbaldatik dilindan, kokoriko kurturik, xotx bat eskuan, Martzel ari da pilotarien pontuen kirrimarratzen, han, lurrean, errabot bazterrean. Leon, Artziringo merak bi botoila arno errebota eskuineko gordagirat ekharririk, pilotariek xorta bat edan dute orai, eta, hatsaren hartzeko, ixil ixila eman dira paretari kontra, batzu xutik, bertzeak kokoriko. Piarres xutitzen da lehenik; eta bere lagunari hitz bat erranik, ezker badoa gibel hartarat, eskuetara guti aski thu eginik.
—Hogoita lau, eta hogoita bat, sakeak hogoita lau, hogoita bat erreferak!
Frantzoa eta Aguxtin aintzinean dire beraz, Frantzoak bere sake dindila atheraturik, eta ezker, jendeetarat, asko pilota sarturik.
Bainan, Piarres orai pulliki airerat edo aintzinaire plantaturik, hor, begiak hesteko artean, bardintzen dire.
—Ados, jaunak, ados. Hogoita launa bardin!. —Ez da gehiago trebesik, bardinean baizik; eta berehala, trebesik ez da batere, gainetik jokatzaileak iziturik eta ixildurik. Bainan gero, huna berriz oihuak. Piarresen alde orai guziak:
—Hogoita hamar eta hogoita sei!!!
—Hogoi hamarri, hiru hogoi hamabortzi!
Eta ostixoan Frantzoarentzat bezala, orai haren kontra ari dire, urratu moltsa saretu beharrez. Berantegi gaur goiti!!
—Hogoita hamalau eta hogoita bederatzi! A la noblia, a, a, !...
Piarresek joan du partida, eta haurrak jada errebotera xinhaurriak bezala jalirik, jauzika plekan ari diren denboran, pilotariek eta jendeak, oro badoazi orai, plazari behera, murmurmur erasian. Sakelan ximiko badute han zonbeitek. Bainan, bertze aldi batez irabaziko dute hek ere; eta, hirri hormatu batean, diote: kito egin dutela gaur ere, aintzinetik gogoz irabazia zuten partida ondotik gero galdurik!...
Piarres bere jauntzia bizkarretik, adixkide multzo baten erdian hirriz heldu zen, Elizabiderat buruz. Eta huna non Ortzango errekako itsasuarra hurbiltzen zaion, maltzur maltzurra:
—Biba hi, Piarres! Atseginekin ikusten diat hire esku-muthurrak ez ditukala oraino oro Ortzango errekan utziak.
—Ortzango errekan? Esku-muthurrak?
—Ba, esku-muthurrak, eta zango-aztalak... Ez entzunarena egizak orai!
—To, emadak bakea... Hola balitz ere, zer da gero? Ortzango erreka zuentzat behar baduzue, utzezatzue Atheka legunak edo oraino Atheka-gaitzak. Hauta emaiten dautzuet; bainan utz niri orratz-xiloaren ttikiko xilo bat. Hura askiko diat... Ni hola bilhatzeko eta musikatzeko orde, haugi to gurekin afaltzera eta musean gero partida baten egitera. Hogoi libera, lehen seietarik, biga bier. Bahaiza?
—Bagaituk. Goazen berehala, eta ez hadiela samur!
* * *
Oren laurden baten buruan, aldaturik, Piarres gaineko barne handian sartu zelarik, baziren jada han edale zonbeit. Bi bordari zahar, botoila baten aintzinean, buruaz elgar hunkitzeko heinean bat bertzearenganat kurtuak, persuka ari ziren, bertzerik sekulan egin ezpalute bezen deskantsuz:
BATIXTAK
Erranet derautzut, Mattin, iduri zautala
Arno onak parerikan munduan ez duela;
Urean bizi baita errekan igela,
Igel geldituren duzu, bethi hala hala...
MATTINEK
Igelak egundainotik ura du maitatzen,
Etxe arno on huntarik ez baitu jastatzen;
Mama gorritik behin balu hurrupatzen,
Balakike ostatura bi jauziz ethortzen...
* * *
Xoko batean, bere laguna kanporat orduan atheraturik, bertze gizon zahar bat, kokotsa ahur barnean emanik, mundu huntan egin ahala errepikan ari zen:
«Gaztetasunak bainerabila
Nola airean iñhara!!!...».
Goraxko harturik airea, ezin bururatu zuen, eta kolpe bat edan, laguna berriz itzuli artean...
Haratago, hemezortzi urtheko lau edo bost muthiko gazte, zintzurrak urraturik ari ziren, bi bozetan eman behar kantu bat, lau bozetan emanez, hilak ere phiztuko baitzituen heien krizkolak...
Bainan, ez zen, ostatu hartan, behar ez bezalako ahapaldi bat aditzen, ez eta ere solas lohi bat. Ez zen hau, Eskual-Herrian berean sobera tokitan ikusten diren sehi zantzail eta mari-muthiko hetarik. Ixil ixila harat hunat bazabiltzan, beren buruari zu erraiten eta erranarazten zioten bi zerbitzari gazte.
Erdiko mahainean eman ziren Piarres eta haren lagunak, eta berehala lothu haxoari. Hoberik egiten ohi da bethidanik auzo-herrian, Ezpeletan. Bainan, ona bide zen Senperekoa ere, ezen ogia busti eta busti ari ziren oro, mahain-inguruan, eta hirri onik adi ziteken kanpotik beretik.
Haxoaren ondotik, bide bera hartu zuten gero sahets-hexur guri guri hatzuek, eta Hettoko arno on eta berotik ari baitziren hain xuxen, alegrantzia osoan ziren orai guziak.
Motxoko gasna legun batetarik zerra bat hartu zuteneko, eta zangoez tronadurari batere zanpaka arizan gabe, han zuten orai, aintzinean, kafe bat hauta, laatza bezen beltza eta ifernuko sua bezen beroa:
«Kafe on batek oro ahanzten...!».
Deus ez zen han kafe on batek ahantzarazi edo antolatu beharrik. Pattanttun bera ere frango pixkorra zuten eta idorra.
Ximiniatik bezala, pafadaka aho guzietarik heldu zen orai khea, khe xuri kurumilkatua, gure ametsez leherra barnean daukan khea, eta, Jan-Batit hasi zen bere boz ederrarekin, barne guzia dardaretan emanez:
«Iruñeko ferietan,
Iragan San Fermiñetan,
Ehun zaldi arribatu Andaluziatik, tropan;
Merkatu eder bat zauntan,
Zagolarik bi lerrotan.
Bat zen pikar'ta zuria,
Bota bainion begia:
Andaluz batek egin daut bi untz urhreren galdia;
Eskain orduko erdia,
“Harzak, hiria duk zaldia..."».
Axkona eta Martzel, Antton eta Jan Piarre, Piarres eta Mixel, oro lothuak ziren orail Jan Batitekin, eta pattanttunek tartean zintzurra leguntzen ziotela, aho-mihi guzietan hain luzaz izan den Irungo Partidaren persuak eman zituzten bururen burru:
Pilota partida bat, Irungo herrian,
Probintziarren eta Frantsesen artian;
Jaun aphez Baztangoa zen Frantsesekilan,
Gidari gobernador, kuraiarekilan
Ethorria urrunetik, molts onarekilan,
Bitoriaren bila, "Kaskoinarekilan"».
Bertzerik ere eman zuten oraino, hala nola Xoriberrikeraria, Nork erranen du, egun, Frantzia, edo Saratarra naizela orok badakite, bainan Piarres xutitu zen erranez:
—Biba zuek, muthikoak. Loria zaitak hola zuen entzutea. Haurkuntza batzu bezala, solasik gabeko aire mutu batzuetan, tilili eta tra la la artzeko orde, eman ditiagu kanturik ederrenak, egiazko eskualdun kantuak; bainan denbora bazioak, eta guk, gure mus-partida oinon egitekoa! Hots! Benita, kartak hunara, eta zalu zalua!
—Itsasuarra eta Mixel, Pette eta ni...
Eta mahain estalki bat berehala hantxet hedaturik, huna lau muslariak kartak eskuan.
—Pikatzak...
—Mus exku.
—Mus, lagunerat.
—Zer mus eta mus? Izituak? Hogoi libera joanen direlakotz lehen seietarik! Ez da musik: Biak inbido eta pareak ba!
—Hoa pulliki, Pette! Orai galduak, neke izanen dituk gero hiltzeko...
—Ago deskantsu, Piarres. Toki guti askiko ditek gaur sakelan, guri irabazi begi gorriaren eremaiteko...
Espantu horiengatik, hordago guti zen lau jokolarien ezpainetan; inbido eta paso gehiago. Beren lagunak, xutiturik emanak ziren heien gibelean. Kantari zaharrek utzi zituzten berehala beren koplak eta iñharak. Aldean zagozin, hek ere, gibelean eskuak, begiak muslarian jokoari josiak. Lau urhe keinuka ari ziren aldiz mahain gainean, eta lehen seietarik pirripitatu heharrak, kito-doblerik gabe, aintzinetik hitzartu bezala!
Ilhun-zeinuek jo zuten hainbertzenarekin, eta, bere xokotik, gazte kantarietarik batek oihu egin zuen berehala: «Anjelus!». Eta han zirenek orok, kapelua khendu eta, kurutzearen seinalea eginik, ahapetik erran zuten egiazko eskualdun batek, non nahi eta hethi, erraiten ohi duen otboitz maitea.
Eta orai, jostetak utzirik, kopetak zimurrik, ilhar bat noiz elgarri irabaz, keinu bat ezin sartuz, tantoz tanto bazoazin lauak, lakasta batzuen pare aztaparka elgarri lothuak Pettek hiru tanto gadu ditu: lau andre, lau erregen kontra...
—Ez baitut hogoi liberakoa hortxet igorri, Piarres!
—Ez, ez oraino. Goazen pulliki.
Pulliki edo itsuski, oraikotik debruak joan du gure manddoa, ezen, bost hamarreko eta launa tanto dira bi alderdietatik... Beraz, orotan tantoa behar!... Piarres exku da.
—Goazen pulliki, Pette, eta orhoit pasoak eta musak ere badirela oinon azken tantoan...
Itsasuarrak eman ditu kartak, eta... heldu zaizkote: Errege, zaldun, batteko, batteko Piarresi, Errege, xango, batteko, batteko kartemaileari... Ah! elgarren berri ez hor jakinen!...
Bultatto bat gogoetetan egonik, ilhun ilhuna hasten da Piarres:
—Paso handira!...
Itsasuarrak aski luke tanto bat, handiko tanto hura... Eta hain xuxen Errege, xango eskuetan ditu. Ba, bainan gero, bi batteko baizik ez, ondotik jarraikitzeko!... Hobe du beraz xikirat joanik. Han, han, jostetak! Paso joanen da beraz handirat: «Paso!». Pette eta Mixel paso joan dira hek ere, beren lagunen jokorik ez ondatzeko.
Hainbertze gizon bazirelarik barne hartan, nehoren hatsik ere ez zen han gehiago ezagun; oro ixil ixila egoki, hats-bahituak, sukar bat begietan. Ostixoko kantari zaharrak halako daldara hoi bat bazuen ezpainetan; aldiz, daldara hoi eskuetan zuen gaur-gero Itsasuarrak:
—Ah! paso joan zaiztea guziak! Gurea duk partida!...
Eta urhe begi-gorrien gainetik Mixel bere lagunari eskua hedaturik, bere bi battekoak agertzen ditu —bainan jo gabe— mahainaren gainera. «Orai, orai xitximariak!».
Galdua da Piarres! Bi batteko baditu harek ere; bainan, gero, zaldun eta Errege, ttikira!!... Harenak egin du, itsasuarra uzten balin badu jotzerat, azken hordagoaren egiterat!...
Eta, hor, sudur ondoak zimurtuz, xixtuka jada Pette hasia duelarik, jokolari zahar zaharrenaren matrikula bat jiten zaio Piarres gazteari gogorat. Itsasuarrak Mixelen eskua bere ahurrean daukalarik oraino, arthikitzen ditu Piarresek ere bi battekoak, oihuka erraiten duela:
—Zuena partida?... Ez oraino! Huna nik ere bi batteko! Mintza gaiten ttikira, eta exku naizen bezala, niri duk lehenik mintzatzea... Paso! Bi batteko biek izaki eta ikusiko diagu nork bere faltaz igorriko duen partida!
Nor izi eta nor harri? Besoak ilhortu zaizkote Mixeli eta haren lagunari. Ah! Itsasuarrak badaki, Piarresek, bere bi battekoen ondotik, zaldun bat duela kartarik ttikiena! Bainan, ez du horrek kanorerik, eta —gauza segura— orai izitua izanagatik, ttikirat atheratua zen Piarres! Eta berak, xango bat baizik ez izaki battekoen ondotik!... Zer dezake beraz, paso joaiteaz bertzerik? Eta, burua galdurik, orhoitu gabe hobeagorik ez dezakela igurika paretarat, Piarresek hedatu arterat erortzen da itsasuar gaizoa:
—Paso!...
Paso hala hala eta zalukara joan da Pette maltzurra; paso azkenik Mixel fede onekoa.
Oihuka orduan, erdi xutitu da Piarres:
—Eup! Orai, kutx ala pil! Mixelek ez badu parerik, gurea duk partida! Puskak izaitera, ez zian itsasuarrak holako burrunbarik erabiliren ttikira... Pareak ba, eta hordago!...
Mixelek ez zuen, zorigaitzez, parerik!... Hordago iragaiterat utziz, eza bereganatzen zuen Piarresek, partida aldiz exkutik irabazten, hordagoa atxikitzen balin bazion itsasuarrak...
Orai, Pettek eta Piarresek zituzten eskuak elgarri, tinko tinko, lorietan emanak:
—Biba, hi, Piarres! Hoi duk hoi jokatzea!... —Eta urhe begi-gorriak bildu zituzten biek ahur barnerat.
Bazterretikan, xoratuak, aho-xilora heieri begira zauden hango muthiko gazteak; eta bi zaharrak, burua daldaratuz, beren gogoarekin ari ziren. Piarresen matrikula lehenbiziko partidan hala hala berek baliatu beharrez.
Mattin persularia, Piarresen aintzinean plantaturik, persuka jada hasia zitzaion:
«Mendian ikusi tiat herbiak kalitzen,
Usoak, oihan beltzean, tanpez arthikitzen;
Ikusi, kontrabandan, çuardak enganahen,
Ez ordean muslari bat hoin ongi çarbitzen!...».
Itsasuarra, Mixeli beha eta beha, bere buruarekin erasian ari zen orai:
—Eta, partida nerea zelarik! Ez ikusi behar, paretarat ni joanarazi beharrez ari zela Piarres demonio hau! Nik ez joko ttikira! Gaineratekoak oro nere galtzeko baizik ez izaki eta!...
—Hots, gaizoa, engoitik hola duk. Bertzela jokatuko hintzen... jakitera. Bainan, jakitera, handia joko nikan nik ere haste hastetik, eta partida nerea zuan, hoinbertze tira-mia gabe. Handian ni enganatu beraz, eta hi gero ttikian. Horra kito. Exkutik eraman diat hastetik nerea zen partida. Pattan-ttun-untzi zonbeit bilduko dauzkuk egun horietarik batez, eta laster hola gibelerat bilduko duk gaur suntsitu begi-gorria. Haugi, to, hunat; arno-berotuak emaiten ditiagu, Pettek eta nik, hemen aurkitzen direneri, eta gero, guziak etxe alde!...
Eta, erran bezala, Xantiago, herriko-muthila, plan ran plan, plan ran, plan, karrikan bere atabalarekin erretiraren emaiten ari zelarik oraino, Piarres, zalu zalua eta xuxen, bazoan Motxoan harat, Dolabaratzean harat, ilhargi xuriari kantuz:
«Argi-zari ederra, argi egidazu,
Bide luze batean joan beharra nuzu».
Eta Olhaso kaskoan, Oihanburuko, Laparraeneko eta Etxegaraiko xakurrak, sainga eta sainga, dena erasia ari ziren. Etxean, Piarresen amak, gopor-esnea suaren aldetik harturik, hozten eman zuen leihoaren gainean, eta xuriko, buztana harat hunat zerabilkala, lausenguka gainerat ethorri zitzaion...
IV
Lanean
Pottoka iraganarazteaz eta pilotan ala musean irabazteaz bertzerik bazakien Piarresek, eta berak amari erran bezala, aztaparretan min guti zuen gero, biharamunean, lanari lotzeko.
Aboztuan harbien eraiteko edo sorhoen egiteko, aitarekin bera aski zen bethi, nihongo muthilen laguntzarik gabe. Eta, orgak mukurru gain gaineraino betherik, Gantxume bere anaia ttikiena orga-kaskoan belharraren erdirat jostetan arthikirik, Oihanalderat, behien aintzinean, akilua eskuan heldu zelarik, zinez egia... ederra zela gure Piarres! Erregetik egundaino ez baita ederrago sartu hiri nausian, bere errege-makila eskuan!...
Piarresen loria, gero, buruilaren ondarrean edo oraino urrian, etxe ondoko paretati aztaparka lothuz, suge beltz alimale bat iduri luzatuz zoan mahasti zaharrean! Mahats-biltzaileak oro hirriz eta kantaz, arnoz hanpatu mulko urhezkoeri hortzez asikika, —haixtur edo kanit sista bezenbat hortz-asiki— gogotikago lothuak batik ixkiriot edo odre xaharreko mahatsari; otharreak, saskiak, zurezko untziak, leher egiteko heinean betheak! Eta ilhuntxean, gero, etxeko ala auzoko, oro Oihanalderat heldu, karrankaz orga handiak, kantaz oraino mahats-biltzaileak, azken sistako bat elgarri karkaraka igorriz, eta has-herri hura guzia airean emanez!
Goizetik Garramun edo Zumalakardirat joanik, Piarresen eta haren aitaren lanak, han aldapa borthitzean, iratze gorria sega handiaz lurretat arthikitzeko, maltxotan gero emaiteko, eta azkenean, Ganix tarteko semeak harat ekarri orgetan sar-ahala tinkatzeko!
Geroxago oraino, lasterrez, oro landan izanen ziren, artho-bizardun zohituen eta azken ilharren biltzeko; artho buru hetaz erranen baitzinuten, beren zango luzeen gainean ikusi eta, lehenagoko atxoen kiloak, ixtupaz edo beren ilez betherik, oro han landatuak gelditu zirela Oihanaldeko alhorrean.
Etxe aintzineko iastorrean hedatu behar ziren artho zangoez bertzeak erretzen zituzten gero landaren erdian; eta Piarres eta Ganix, su handi haren aldean, beren sardiak eskuan, urrunerat ilhun-nabarrean ikusiko zituen arrotzak bazuken biharamunean zer konda; baizik eta, Senperen, bazirela oraino lehenago non nahi Lapurdi guzian kausitzen bide ziren sorgin itsusietarik. Hetarik bat —Gantxume ttikia— jauzteka erkatz-gider baten gainean ikusi zutela, beren begiez ikusi; bertze bi sorgin aldiz, sardi handi batzu eskuan, ifernuko su-handi baten harrotzen ari, putinka hek ere!...
Hazilako aro ederretan, ogiak egiten ziren, urriko lehen igandean elizan benedikatu haziarekin ongi nahastekatu ondoan. Aitak, bi xotx elgarrekin bihurriz josirik, kurutze ttiki batzu moldatzen zituen eta, gero, han hemenka landatzen, alhorraren erdian. Piarres eta Ganix azienden biltzen ari ziren artean. Gantxume —Xuriko xanpa eta xanpa bere aintzinean— harat hunat lasterka zabilan, haziaren usainerat pisu pisua eta karrankaz ethorri beleak ohildu beharrez. Eta orai, bazoazin oro barnerat, uztailan bilduko zuten ogi ederra, Jainkoaren menturalat, han, kanpoan utzirik.
Aphirilaren beldurrez, eremu ederra eraiten zen gero bazka ferdez: olo, allubria edo zingila. Anhartean, harbi hostoak han ziren eta hosten ondotik harbi-buruak, Oihanaldeko aziendek goserik hiltzeko beldur guti baitzuten, beren heia idor eta beroan. Heia hartako laza handieri behiti irmi-armu sare bat ez zen dilindan ikusten, Piarresek sinheste guti zuelakotz arras, eztul tzar bat azienderi emaiteko baizik ez diren gingilleria zikin hetan.
Segur, alimale guzien zoria ez dela bardina mundu huntan! Hetan ere, jendeetan bezala, ontsa direnak izaki; eta bertze batzu aldiz bethi herrestan: zakur begigorri eta mirakuiluz baizik xutik ez dagozin behi hetika!... Piarresen artha bere aziendentzat! Hogoi bat buru edo hurbil bazen han, heia garbi beroan, egun guzia etzanik, ñasta bethi beren sabel handietarat behin egorria ehun aldiz goiti berriz ekarraraziz, athe-leihoak neguko horma eta haizeari ongi hetsirik. Piarres han zabilan maiz, beren buru handiak doi doia makurturik, begi on handi batzuekin hari begira zauden Gorriari, Katzori, Xuriari eta bertzeeri fereka bat emanez, etzangia bat garbia hedatu beharrez, izaka eta errekak artharekin hustuz maiz aski, azpiak hala hala arduran eginez, asteazkenarekin eta ortziralearekin bardin, zorigaitzaren heldurragatik. Buru ahulak ez zituen egundaino maite izan herrian, eta bere aita zuhurrak bezala, hirri egiten zuen, zaragarraren kontra bere behiari norbeitek beharri bat zilatu ziolarik...
Hala hala, superztizione ttikikoa bezenbat fede handikoa zen Piarres, eta, Kanderailu goizean, bihotz onez emanen zen buru-has, bere ama jiten zitzaiolarik heiarat, goizean jaun erretorak benedikatu xiriotik hiru xorta, Trinitate Sainduaren izenean, heia hartarat lehenik eta gero oilategirat edo xerritegira ixuri beharrez. Behin baino gehiagotan, lehenago, bere ama maitearen eskutik sorbaldaren gainean hartu zituen, haurrean, hiru xorta horiek, sukar mota guzien kontra; ongi baliatu ere baitzitzaizkon behar bada... Biziki pullitago othe zen, behi bat heian eri izanez, amoztar gizon bat bezala, auzo-herrirat, Sarako xara batetara, argi-hastea gabe joaitea, eta auzo-herriko xaratik argi-hastea gabe hola ekarri goosti-aldaska bere heian emaitea, behiaren sendarazteko?...
* * *
Heiako erreka eta izakaz bertzerik ere garbitzen zuen Piarresek. Bere galtzak galtxoin ilezkoetan sarturik, bazoan, berho-sasiak pudarekin haiotzarekin xuxenduz eta pikatuz, erreka-estaliak eta bertzeak artharekin hustuz; bardin —behi bakar bat uztarrian emanik— erreka-ziloetan adareta sartuz eta luze luzea lerraraziz... Bitxia gerthatzen ere baitzitzaion, egun batez, adareta hola zeramalarik. Intha mehar mehar batean, lohiaren, basaren gainean lerratuz zoazin beraz Gorria, Piarres eta adareta, noiz eta ere, ingurune batean, bekoz beko egin baitzuen bere auzo, Goaña, Litzartzako alabarekin. Gorria zalukara zoan, adareta ere ba, Piarres ere ba eta bidea hertsia zen..., bazterrerat jauzi baten egiteko artea do¡ doia izan baitzuen hantxet Goañak; eta biak, Piarres eta Goaña, elgarri beha gelditu baitziren, gorri gorria eginak...
Ondoko egunetan, Ehaltzeko-bordako Piarres zaharrarekin, mahats moxten ari zelarik, gogoa dena hartua zuen oraino intha hertsi hartan gerthatu zitzaionaz. Guttiak egin zuen gero, ez baitzion hantxet Goaña gaixoari minharrarazi!... Halako su bat heldu zitzaion oraino ere mathela koskoetarat neskatxa gaztearen oihuaz orhoitu eta. Beharrik zen Goaña laboraria, gaztea eta zalua. Eta, gero, ez zen batere hasarretu, hirriño batekin gorritu bakarrik, Piarres bezala...
«Zer hari haiz, Piarres? Hire haixturrek gainekoa egin behar eta behereko begia pikatu dautek eta!...». Eta Ehaltzekobordako Piarres, Jon-Doni Petrirenaren iduriko bere buru ederra daldaratuz, begiak hirriz, maltzur airetto batean beha eta beha zagon gure Piarresi. Eta hala hala, sekulan ez eta, zer zuen bada gaur, bere mahats-haixturrekin, Irulegitik ekarrartzi aihen hoberenak hain gaizki moxteko?...
Piarres, arrats hartan, xixtuz sartu zen Oihanaldean, eta amak, bere ama-begi samurrez behaturik, bertze arratsetan ez zuen zerbeit ezagutu zion bere haurrari, eta berant arthe othoitzean egon ere zen, su-ondoan arras hoztu arte berant.
* * *
Abendoa, urtharrila bazoazin hola. Ongarriak hedatzen ari zituzten sorho guzietan, beltz beltza, dena khe, dena lanho, lasto mutzitu batzuz ihaurriak. Onkailu ona, osoa hola lehenik eman eta, xori-ongarriak hedatuko zituzten, bertze urthe batez, edo bertze lur batzutan, bazterrak oro betan erhoturik ezarri gabe, zuhurki eta jakituz.
Eta orain, sukilak heldu ziren etxerat Oihan-xutetik, Errekaluzetik, jaun handi batzu iduri, alfer eta nagi, luze luzea emanak orgetan; kopeta zimurtuz, adarrak beheiti makurtuz, belar klaska handi batean ekartzen baitzituzten Katzok eta Gorriak. Sukilak etxean sartzen... eta lehen elhur-lumak xuri xuria erortzen: eta erran gabe doa, Gantxume, heiako athetik, oihuka hasi zela berehala:
«Elhur-melur,
Ez nuk hire beldur,
Badiat etxean artho'ta egur!».
Xemartin ethor ziteken Amotzetik, urde gizenaren hiltzera, Gantxumek lagunduko zuen, buztanetik xerria bi eskuz atxikiz. Amattok bihotzean min zuen ba pitta bat, bere tturrinari lephoan egin sakiaren aintzinean emaiten zuelarik kolore gorrizko pandero ederra. Hain maite zuen Iturrin, hainbertze ferekatu eta hatzkatu zuen, hamar hilabethez, bere lepho gizenaren gainean, bere bi beharri handien artean! Hainbertze puska onez hazia ere zuen, hainbertze artho-bihiz pullitua, borobildua, gogortua!... Bainan, Piarresek burla maite zerbeit erranik, arintzen zitzaion amari bere bihotzmina, hirri bat ere ethortzen azkenean ezpainetara... Ororen buruan, Jainkoak gizonarentzat eginak ez othe zituen alimaleak?
Arbola frutadunak arthaturik, sagar. udare, merxika-ondo zonbeit landaturik, lur-sagarrak martxoan, beterrabak ere aski goizik martxoan edo aphirilan Oihanaldekoak egin baino lehen, asko esku-ukaldi emaiten zioten beren auzo guzieri, baitzakiten hola, ordainak igurika zetzazketela hek ere auzo berenganik. Lotak baitziren orduan oraino herrian, Erreka-Luzetik, Oihamunetik, egur-aldi ederrik ekartzen zuten ororen artean. Aspaldiko urthetan, jada, gaitz itsusi bat ametzeri, haitzeri lothurik, joanak ziren kapetatzeko lanak, eta tantaiak aldiz inkantean emaiten ziren, herriko moltsaren joritzeko, zerbeit behar-ordu handi agertzen bazen ere. Ah! lehenagoko Senpereko oihanak!!... Jendeak bezala, herriak ere kasoiltzen, kasko-zuritzen othe dira bada? zerbeit holako behar zen izan, ezen herriko asko Attonen buru gaineko ileak zerbeit baziren oraina, Senpereko ibar-muthurretako haitz edo ametz batzuen aldean. Aldaperi gora elgar ezin atxemanez ari, ikus zitezken zuhaitz bakar batzu, beltza, aspaldi zaurituak, besoez gabetu mamu handi batzu, doi doia xutik oraino egoki zirenak, ondoaren gainean ihartuak... Segur, lehenagoko senpertarrek ez lirotela ezagut beren ohiko herria!
Urthe oroz, sukil eta erro horietarik eginikako Iotaren jaun erretorari garraiatzeko, dotzena bat lagun biltzen ziren, Zaldiferran batzuetan, Goixbiden bertze batzuetan, edo han nonbeit Orizanen. Eta, Iñazio zurgina kapitain, Jan Batitek, Frantzoak eta Nikolasek oihanean ondotik pikatu sukil handiak, Piarresek eta haren lagunek terrententen ekartzen zituzten karrikarat, panpalina soinutan, etxe-sartze batean obi den hartamantza guziarekin. Eup! Frantxixko! Eup! Pettan!... Eta, egur alimaleak jaun erretoraren korratlean ahalik eta hobekiena ohatu ondoan, orga tinkatzeko burdinak eta gatheak orgetan emanik, hartakotzat ethorri beren haur zonbeitekin igortzen zituzten aziendak etxerat; eta, eskuak beherean pitta bat garbiturik, athorra-lephoa hetsirik, beren jauntziak soinean emanik, hamikatuak jartzen ziren hain ongi merezitua zuten otruntzaren aintzinean. Jaun erretora heien erdian. Eta, kurutzearen seiñalea eginik, ixil ixila salda-begiduna eskuetan airean husturik, batzuetan untzitik beretik azken xortaño hek hurrupaturik, lehenbiziko basoa ondoraino husturik, hasten ziren itzain maiteak oro, guziak betan elheketa. Eta loria zen egiazki heien orduan entzutea. Beren mahain-oihaia pulliki —zikindu gabe— bazterrean emanik, edo belhaunen gainean hedaturik, ari ziren ari! Oro unhatuak, ongi unhatuak, akhidurak eta behar bada lehenbiziko arno xorta harek matheletan gorrituak, elgarren kitzikatzetik ez ziren athertzen. Batek zortzi sukil ekarri; bertzeak, sei; baina gaitzak, egundaino nehork holakoik ez baitzuen oraino orgetarat altxatu! Frantxixkok Pettan kitzika, Pettanek Frantxixko eta bertze zonbeit ere bardin. Xarlex hirriz bazterretik, Martzel hala hala; Ximun aldiz, ohartu gabean, mahain azpirat, gelditu gabe, thu eta thu. Jaun erretora hirriz bertzeri, bainan beltzurika Ximuni... Hots, hiruzpalau oren goxoak iragaiten ziren, nehor ohartu ere gabe denbora bazoala, jan, edan eta hirri. Damurik ez zen han Xuriko, Piarresen xakurra, mahaian azpirat uste gabetarik edo bertzela erori hexurren biltzeko! Gasna bat hauta gehientsuek bazterreru utzirik —gasna etxean ere aski maiz jaten zutela—, kafe on bat lehenik, pattanttunik gabeko koñaka gero guziek edanik, Iñaziok hasten zuen Baztanaldeko kantu pullit bat, Jan Batitek aldiz Senpereko bat ederragoa oraino, eta, zazpiak eta erdiak irian, bazoazin guziak etxerat... Goxo zen jaun erretoraren etxean..., bainan goxoago oraino beren etxean!
V
Etxea
Bai zinez maite zutela guziek beren etxea, zinez maite zuela Piarresek bere Oihanaldea! Han baizik ez zuen onik. Kontrabandan ar zadien edo oraino lanean, etxearenzat ari zen, etxe hura zuen bethi gogoan. Doi doia zakien bere deithura: Piarres Oihanaldekoa zen, eta hori zitzaion, bertze gehiagokorik gabe. Mendixka baten kaskoa baizik ez zen lehenik Oihanaldea. Bainan, gero, emeki, kaskoari sorbaldak eman ziozkaten eta bulharrak, hemen larre bat uzkailiz, bardinduz han pentoka zerbeit, arbola zaharrak errotik atheraz, mahasti-aihenak aldapari gora herrestan iganaraziz.
Hots, erresuma ttiki baten errege hil zitzaioten Aitaxo. Bezperan oraino, azken aldikotz ohean etzan baino lehen, bere erresumaren ingurua sukar-daldara batean egin zuen, lanean ihartu bere esku maiteekin fereka bat emaiten ziotela uztaileko ogi-buru pisueri. Ikusten zituen gauzak oro bere begien zola-zolan bertze mundurat eraman nahi balitu bezela, guzieri beha eta beha egon zen luzaz, begi hek ezin asez. Heian gero sartu zelarik, etzanik han zauden behiek, maitetasunez, marruma gozo bat egin zioten, beren gatheak inharrosiz... etxeko xakurra eskuperat ethorri zitzaion hura ere, fereka baten galdez, eta baratzeko loreen aintzinean burrunbaz betherik sumatzen zituen kofoineri agur bat —azkena— erranik, hotz-ikara batean sartu zen etxean lehenik, eta gero... ohean. Egun bat bethetzen den bezela, bethea zuen aitaxok bere bizi luzea; eta haren aita azken aldikotz luzatu zen ohe berean, ohe-zerutik beheiti heldu ziren oihal gorri beren artean, luzatu zen aitaxo, bethitik maitatu zituen Jainko handiaren eta Ama onarenganat joaiteko...
Eta Jainkoarengana joan ere zen aitaxo; bainan aita, ama gelditu ziren, gelditu bethiko beren etxea, Aita eman zen aitaxoren zizeluan, eta bethi bizi zen Oihanaldea, errege-makila doi doia eskuz aldaraturik, hilak, eta biziak, elgarren aldean aintzina bizi, etxe berean bethi, Oihanaldean. Aitak, egun batez, Oihanalde hoi utziko zion bere seme Piarresi, Piarresek gero bere gehienari, hunek hala hala bere premuari: gathe batean erhaztuna erhaztunari bezala, izanen ziren premua premuari aztaparka lothuak. Haurride gazteagoek, hek, etxe-zati zerbeit doi doia harturik, zoin bere alde eginen zuten, etxe hari trabarik ez ekartzeko; alde orotarat hedatuko ziren, behar balin bazen Ameriketarat hegaldatuko, eta handik askotan oraino etxea amodioz lagunduko... Bai, egiazki, hilen eta biziena, hango berekoen eta urrungoen etxea zen Oihanaldea. Zonbat aldiz, hari behatuta, ez zitzaion Piarresi etxe hura oilo-ama bat iduritu, oilo-ama batek hegalak bere xitoen gainera bezala, etxeak bere bi hegalak hedatzen zituela, hil eta bizi, ororen gainera!
Bertze aldi batzuez, jende bat iduritzen zitzaion zela etxe xuri hura, mendealari bizkarrez itzulirik, bere leihoetarik, begi handi batzuekin bezala, iguzkialderar beha zagon jende bat. Eta zinez, hala hala, nork egundaino jenderik maitatu othe zuen, Piarresek bere etxea maite zuen bezenbat? Itsutuki maite zuen, eta bihotz-erraietatik. Bururen buru, aspaldi ikasiak zituen saratarraren kopla ederrak, eta loria zen haren entzutea, akhilua eskuan, behien aintzinean kantu-errepiketan heldu zelarik:
«Ikusten duzu goizean,
Argia hasten denean,
Menditto baten gainean,
Etxe ttipitto, aintzin xuri bat,
Lau haitz ondoren erdian,
Xakur zuri bat athean,
Ithurriño bat aldean;
Han bizi naiz ni bakean.
Nahiz ez den gaztelua,
Maite dut nik sor-lekua,
Aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zaut iduritzen
Nonbeit naizela galdua;
Nola han bainaiz sortua,
Han utziko dut mundua,
Galtzen ez badut zentzua!».
* * *
Oro maite zituen etxeño hartan, oro etxe inguruan: landa, sorro eta mahasti gizenak, xoriz bethe berho-sasiak, xilo batean gordatuz erasian kur kur kur ari zen ithurria, zeru urdina etxearen inguruan. Aireak, haizeak harrotzen ere zioten Oihanaldeko lur, hosto eta loreen usain berezia, auzoko lurrek ez zuten usain berezi hura: hola bederen iduritzen zitzaion Piarresi. Lur hura bihotzez maitatzea eginbide handia zitzaion. Ez othe zuen Jainkoak ahurtara bat lurrekin moldatu Lehen gizona? Ahurtara bat lur ez zirena oro bilhakatu behar egun batez?...
Oihanaldean lehenago hil zirenen izerdiek ez othe zuten emokatua lur-eremu hura guzia? Erdi-saindua bederen ez zena beraz ondotik ethorriak zirenentzat? Haren aintzinean, egun batez, kondatu baitzuten. Aitaxo lehenago ez zela sekula auzoko lurrera iraganen, eskalapoinetako lurra bere lurretara eroraraziz baizik, hirri egin zuen orduan Piarresek. Bainan orai, Aitaxok bezala ez arras berak eginikan ere, iduri zitzaion halako gauza maite batez hirririk bederen ez zela behar gehiago. Eta, zonbeit aldiz, ustegabetarik bezala, ez othe zitzaion gerthatu, bere buruarekin egon baitzen, zein othe zitezken aitaxok hala begiratu lurmokorrak?
Bai, apheza aldarekotzat bezala, lurrarentzat eginak ziren laborariak. Ez ziren, bizirik lur-bilhakatu behar; bainan, arima hegaldaka bere gain utzirik, zango besoak lur hari behar zituzten josiak, lur harekin borroka behar ziren bizi; eta biziari ukho eginez urruntzen ziren beraz, herritik hiritar zoazin eskualdunak. Besorik aski lurrak ez izanez, ogirik aski izanen othe zen geroan jendearentzat, herritik joan eskualdunentzat eta bertzeentzat?...
Eta orhoit zen Piarres, lurraren amodio hoi aitaren ganik zaukala guzia. Egun batez, iguzki minarekin ari ziren biak gaineko landa handian. Hatsaren hartzeko doia gelditurik, beren herri maiteari beha eman ziren beraz ixil ixila. Haize-hegoak eskuak hunkitzeko heinean hurbil ekarriak, han zituzten, aintzinean, Larrune-Mendia bere harri peña handiekin, herriko oihan, hariztegi eta phagodi ilhunak. Hurbilago, itsasora buruz luzatuz zoala, ohiko ibar gizena; zur-xurien erdian aldiz, ur-handi maitea, elizari agur bat erranik, ihesi gero han harat zoana. Eliz-hilherriak xuri xuria han zituzten, bizien amodioaz alderdi guzietatik inguratuak.
Han ber-berean hasten zitzaioten gero beren erresuma: luzatuz arthoak, urheztatuak ogiak, itsasoko uhinak iduri, farra-farra alde guzietarat haizeak harrotuak. Aitaxok iguzkira landatu aihena aztaparka heldu zitzaioten ondo ondora, hilak phizturen zituen odola harri-arte guzietan bildu eta xurgatu beharrez thematua.
Ixil ixila bethi, loriatuak biak, han zauden aita-semeak, noiz eta ere, bieri betan zimurtu baitzitzaioten kopeta... Hantxet, landa bazterrean nor zen han agertzen, heien lurrean? Orori beha, begi ozarrean nor da jaun hori, heien alhorrean? Eta egiazki erran ziteken bazterrak oro, gaitzituak,'S beba zaudela liek ere. Ilan higatu arbasoak ez othe ziren, lur-mokar hakotxaren gibeletik, hasarre altxatzen ari, arrotzaren behatzeak asalduretan emanak?... Eta, begia ilhunik, Iandari beheiti abiatu zen aita.
«Zertan zabiltza hemen, jauna? Arrotzari begitarte egiten diogu eskualdunek; bainan, gaur, ez dakit nihauk ere zertako, arrotza baino gehiagokoa sumatzen zaitut zu... Zer behar duzu heme gureganik?».
Makila txar bat eskuan firurikatuz, urheztatu bi hortz itsusi kirrikan erakutsiz, mintzo zen orai arrotza: «Zenbat behar dautzut eskaini zure etxaldeaz?... galdatu guzia izanen duzu berehala. Begikoa zaut toki hau, jauregi bat ederraren hemen altxatzeko... nahi duzu aberastu?...».
Ikare batek hartua, begiak jali behar zitzaizkola iduri, ikaragarri egin zen aita. Burdin-sardia bi eskuz harturik, bazoan arrotzari buruz... «Zoazkit hemendik eta zalu, zuhurra balin baduzu! Bertzenaz, errozgora, hortxet, gizon hil bat zira... Atxikazu zuretzat zure diru zikina, bainan bego gure herria... gure!».
Piarresek bi urhats egin zituen aitaren parrean emaiteko, bainan eskualdun zaharra bera aski zen mundu baten izitzeko: zuri zuria egina, jaun arrotza bazoan, eta zalu, landa handiari behera.
Bere sardia eskuetan, mendi kaskoan xut xuta, han zagon Oihanaldeko nausia, ihesi joan jaunxkilari gibeletik oraino oihuka:
«Jauregiak! Jauregiak?... Eta etxeak ez othe gure haurrentzat? Hirian goseak hil behar naski guziek? Gure haurrek behar ditek gure herriko lurra!...».
Eta arrotzaren ondotik, sainga eta sainga, mugaz han harat bazoan Oihanaldeko xakurra, herriaren etsaiak herritik urrun urrun ereman beharrez!...
VI
Oihanaldean
Arrats hartan, orhoitzapen handi horiek hola gogorat ethorririk, pullitagoa, maiteagoa iduritu zitzaion Piarresi bere Oihanaldea. Xixtuketan aitarekin, tresna-gider berri egiten edo xahar xuxentzen, aldateian arizan ondoan, sartu zen beraz sukaldean, eta berehala, halako bat igan zitzaion bihotzerat.
Bai, zinez, goxo zen Oihanaldeko sukaldean!
Oi neguko arratsak, supazter xokoan,
Xixtuka ari dela haizea kanpoan,
Atheak hetsirikan, suaren ondoan,
Elgarri kontra oro sukalde beroan!
Elhurra zirurikan jausten da zerutik;
Uria, xorta-xorta, teilatu gainetik;
Arima herratuak intzirez kanpotik,
Berotzera jin nahiz leihoen artetik!...
Azantz bakar bat ez da kanpoan ageri...
Xuriko ber bera da erausika ari...
Zorigaitz, arrats huntan mendian denari,
Tanpa, tanpa, bakarrik gauaz doanari!
Zer goxoa beraz, gaur, gure etxeñoan,
Kanpoan hotz bezenbat goxoño barnean!
Esne lodi kaikuan, xingar gerrenean,
Gaztenak pinp paderan, arno goporrean!
Sukil eder bat erretzen emeki emeki ari zen; eta haren aintzinean kurturik, ama ikus ziteken, talo bat hurbil, bertze bat gibela, edo, oihal xuri marratuaren barnean, beren ttitta eta printz beltxekin, talo hek garbi garbia eta bero beroa eman, oren hartan ari.
Oh! ama gaixo hura, nola eta zoin maite zuen Piarresek, munduko erreginarik handienarentzat salduren ez baitzuen, segur! Eta hala hala, zer ama ez zion emana Jainkoak! Zilarra bezalakoa! lehenik jaikia bethi, bethi azkenik etzana. Ez iduri eta, pitta bat gehiago egun guziez, higatuz bazoan, bethi bardin maitea, deusetaz errenkuratu gabe sekulan, higatzeko Jainkoak egin dituen ama on guziak bezala. Eta iduritu zitzaion Piarresi, bethi hola erdi-higatua baizik ez zuela ezagutu bere ama, haren lehen ile xuriari ez baitzitzaion ohartu ere sekulan!
Bere ustez segurik, ama maite horren amodioaz bertzerik ez zuen ordu-arte bihotzean; eta ama hura, sukilaren su-biziak mathelak gorriturik xutitu zenean, (erle bat kofoinean bezala) sukaldean harat hunat ibiltzeko, semea beha eman zitzaion maiteki; eta gauza horri oharturik, loriatu zen emazte gaixoa bere seme handiaren amodioaz... Eta, deusik erran gahe, sukar bat bihotzean, othoitz hau egin zion Piarresek Jainkoari: «Luzaz agian duzu gurekin utziko, luzaz agian hemen ahantziko!...».
Marie, su-ondoan hura ere, galtzerdi saretzen ari zen. Hola nik erran behar banu, ez zen baitezpada jendeek pullitak deitzen dituzten nexka gazte airos hetarik. Ez. Haren pullitasuna, kanpotik baino gehiago, heldu zitzaion barnetik; eta arima garbi garbi batek emaiten zioten haren gorphutz gazteari —eta bereziki begien maitetasunetan bereziena. Oihanaldearen gaineko zeru urdina bildua zuen hogoi urthe luzez begi hetan, eta zinez maitea zen Marie, bere euskualdun molde ederrarekin.
Marieren altzoan katixima hedaturik, alki ttiki batean jarriak, Frantxa eta Xaneta, biitxi maiteak, noiz Jesukrixto ethorri zen mundura, ari ziren tira-ahala, jaun-bikarioak bezperan hitzeman saindua biharamunean bildu beharrez. Eta, bere galtz-erdiak bethi eskuan, orratz xorroxka erhi-muthurretan, Mariek maiteki xuxentzen zituen haur gaixoen behaztapatzeak, hirri bat jin baitzitzaion ezpainetara, Frantxak, durduzarik gabe batere, eta bere ile pullitak buruaz gibelerat igorriz, galdatu ziolarik: Oihanaldeko heia bezen handia zenez Betelemeko heia txar hura?...
Kaikua eskuetan harturik, eta zazpi urtheko bere arrebaren ahapaldiari hirriz hura ere, Betelemekoa baino handiagoa segurki zen heiarat joan zen orduan Piarres, eta behien deizten hasi berehala. Katzori, Gorriari eta bertzeri tafla gozo bat eman zioten bizkar gainean, eta alimale maiteak marrumaz ari zitzaizkon oro: Muu!
—Ba, behia, ba!...
Ganix anaia gazteari oihu egin zion, ethor zadiela haren laguntzera. Bainan, Ganixek hamasei urthe zituen oraino, eta, dudarik gabe, lanik aski segurik bazuela egun hartan eginik, aldatei zokoan, brozelari kontra xutik emanik, mundu huntan egin ahala... turrutan ari zen, jaun erretorak gazte multxo bati eman turrutetarik bat ahoan, bere mathela gorriak zart egiteko heinean haizez hanpaturik. Ez ziozkan jaun erretorak ikusten bere mathela turruputunak! Eta ari zen, ari, Phazkoz herri guziaren aintzinean bere lagunekin gero agertzeko, turruta eta atabalak, plazako xakurrak oro ihesari emaiteko heinean hori horia argituak, kapelu gorritan, ezpartin eta galtza xuritan! Jan Battit eta Ganix beren atabalari lagunekin, bertze Jan Battit eta Paul turrutariekin, baziren gero pitta bat! Eta Senpereko haurrak, emaztekiak, gizonak berak, lorietan beha egoiten zitzaizkoten, bezperak erran eta, arbola azpi hetan sei zazpi lerrotan emaiten zirelarik. Eta Phesta-berriz, gero! Ai, Jainko zerukoa!... Mañifikateko aire hurt, denen aintzinean, herriko atabalari zahar guziak, begiak eta beharriak harmaturik, heieri beha, noiz huts bat eginen zuten!...
Eta jo eta jo ari zen Ganix. Butrun, Amotz, Olhaso, Branja, Emak-Hor, Biba Gu, Bibi eta berek hola izendatu bertze asko aire, lerro lerro bat bertzearen ondotik emanez, tturrutt eta ttutt zonbeit, tartean, beltzuri batekin eskapatzen zitzaizkola. Piarresek gaurgoiti etsitua zuen haren bereganat ekarraraztea.
Aho xilora Ganixi begira, Gantxume ttikia, bere xaal hauts-kolorea gaur ahantzirik, nehun ez zagoken, tokiaren gainean jauzteka.
Tartean, Ganix akituxe zelarik, hartzen zion turruta eta, begiak kanporat jalirik, lephoko-zainak tiran tiran emanik, ithoka ari zen hura ere... Hamar urthe haizik ez zituen oraino; bainan, hamasei urthetarat helduko zelarik, turruta handi eta lodia galdaturen zion jaun erretorari, pa, pa, pa, basaren egiteko!
Behiak deitzirik, eta kaikua sarrixago edanen den esne lodi gizenaz betherik, sukaldean Piarres sartu zeneko, Aita jin zen hura ere, alimaler jatera emanik eta heiako athe-leihoak ongi hetsirik. Bethidanik zaukan: hotza partida dutela behiek, jendeek bezenbat bederen, edo gehiago. Gaztenak, pin, pan, paderan tiroka ongi erretzeko artean, haurrak, katixima ahantzirik, hirri-karkaraz zagozin denboran, bere bethiko tokian, zizelu-xokoan jarri zen. Eta bi eskuak surat, pafa pafa deskantsuan ari zen orai, lurrezko pipa labur bat ahoan, pipa hartarik kurumilka zoan kheari beha, khe hura batere ikusi gabe, begiak han nonbeit galduak. Sukilaren aintzinean, karraskan errez zoazin aldiz othe adarrak...
Norbeit izaitekotz, gizona zen egiazki Oihanaldeko Thomas. Berrogoi eta hamabortz urthetan han harat bazoan orai, berrogoi urthetan bezen hazkar bethi. Larrua lanean ximaldua segurki, bainan begiak argi, kopeta zabal, eta kopeta haren gibelean, kaskoetan xuxenena. Guti, arras guti sartu zen behin ere bertzeen egitekoetan. Halare, gizon zuhurra egiazki zelakotz, jende asko ethortzen zitzaion Oihanalderat, argi zerbeit haren ganik beharrez. Herriko gizon egina zuten aspaldiko urthetan, eta Paxkal jaun merak adixkide segurragorik ez zuen nahi bere biltzarretan.
Oihanaldean, gauzak oro haren erranetik zoazin, eta erregerik ez zen Thomasi nausitasun maiteenean joanen zionik. Faraon bere jar-alkiaren gainean bezenbat bazen hura Oihanaldean, lehenago iragan nausiek argi argia higatu zizeluaren gainean. Solas alfer guti zoan aita maitatu haren ahotik, mehatxu gutiago oraino; hitz bat, keinu bat; aski baitzen hura ororentzat... Eta, berehala hemen erraiteko, nehork ez zuen aita hura Piarresek bezen gora ekartzen bihotzean...
Gaztenak erreak ziren bizkitartean. Bi, hirur aldiz paderaren athe ttikia burdina batekin idekirik eta berriz hetsirik, padera hoi bi eskuez azkenean harturik, haren barneko oñ-oña beltxak hustu zituen amak, suari batetara, gaitziru handi batean hedatu estalki ilhun batetara. Esku-zartaka eman ziren Frantxa eta Xaneta, oihuka Gantxume. Xuriko hurbildu zen hura ere, bainan, muturra errerik, zalukara joan, mahain-azpian gattuarekin aztaparkatzera...
Gaztenak pitta bat hoztu artean, aita bere zizeluan, Piarres eta Ganix mahainean, eltzekariari lothu ziren, kurutzearen seinalea eginik hiruek, lehen ahamenaren aintzinean. Eltzekari ona egiten zen Oihanaldean, gauzarekilako eltzekaria; eta, bakotxak berak hartuz bere neurria, gogo onez ari ziren beraz hiru gizonak. Baso bat arno gero, beren etxe-arnotik; gaztena gozoak, urik gabeko esne lodia... Bertze zertaz gutiziatuko ziren oraino? Erregek berak ederkiago jaten othe zuen eta edaten, bere jauregian?
Emaztekiak, haurrak hasiak ziren aldiz gaztena jaten, suari hurbil oro, kadira aphal edo alki ttikien gainean. Ezpain-kokotsak, sudur-mutturrak hala hala beltz beltza eginak, Gantxume, Frantxa eta Xaneta burlan ari zitzaizkon aitari: erne zitezen; bertzela, bat ez zitzaiotela ixtantean geldituko!
Eta aitak, zurezko mailu batekin bere gaztenak leherturik, kondatu zioten, lehenago, haren haur denboran, Olhaso gain hek guziak gaztena ondoz ihaurri zirela. Bainan, zorigaitzez, Baxenabarren menditarreri bezala, gaitza lothu zitzaioten heieri ere Senperen. Eta orai, bakar ondo batzu ziren xutik gelditu, Amotzen, Helbarron-Usondoko paretan, eta Oihanaldeko bixkarrean... Eta, zinez dolu zuten hortaz gure haurrek eta Gantxume mintzo zen jada, Oihanaldeko bazterrak oro gazten-ondoz landatu beharrez. Nork zakien eta, gaitz itsusia ez othe zenez oraikotik mugaz handirat sekulakotz iragana?
* * *
Piarresek pitxer handi baten bethea minata ekarririk, danga danga edan zuten guziek, eta, haurrak, lerro lerro bazoazkon orai amari, ixtorio eder bat haren ganik beharrez: «Ixtorio bat, ama, eta luzea, dakizun pullitena?»...
Beren gopor-esneak hustuak zituzten guziek. Pipa eta pipa ari ziren berriz gizonak. Ganix, eskalapoin gantzola bat itzatu beharrez, bere bethiko xokoan emana zen, Phesta-Berrietako aireak, xixu eta xixtu... xirurikatuz.
—Ixtorio bat, ama, ixtorio bat!
—Huna beraz, haurrak: «Bertze orduz, bazen bele zahar, zahar bat, zahar-okitu bele bat. Hegal bat bazuen luzea, biziki luzea; bertzea zuen aldiz laburra, biziki laburra... Bigarren hegal hoi izan balitz lehenbizikoa bezen luzea, luzeago ziteken, haurrak, gure belearen ixtoria...».
—Ba! bethi ixtorio bera erraiten daukuzu, ama! Bertze bat, bertze bat, othoi!
—Hots, huna beraz, bertze bat, haurrak; bainan gero, hatik, aski, gaurko: «Behin bazen errege bat. Errege harek bazituen bi alaba. Alaba hetarik bat beztitu zuen xuriz, bertzea gorriz...». Nahi duzue berriz?
—Ba! berriz ere bethi gauza bera!
—Bertze bat, ama, bertze bat. Bi horiek aspaldian badazkigu eta...
—«Beraz, haurrak, etxe batean, non nahi sartzen omen zitzaizkoten laminak.
»Arrats batez, oherakoan, etxekandreak, uste gabean, lakha bat ahoz beheiti emanik, lamin bat atxeman zuen, biharamunean, lakharen barnean ithoa; ontsa harritu baitzen, sinhesten ahal ere duzuen bezala.
»Nola ez baitzen laminik lur-sainduan ehorzten, zilo bat baratze zolan eginik, han eman zuten lamina; eta, biharamuneko, dena ausin egina zen lamina ehortzi zen tokia; egundaino geroztik ezin garbitu baitzuten toki hura».
* * *
Amak bere ixtorio pullita bururatua du orai. Oro ixil ixila daude sukalde maitean. Tarte batetarik ari, ottia da bakarrik ezagun, hatsantua, lehertua, su-harri handiaren azpian. Azken othe-adarrak intzireka, tiroka, xixtuka ari dira su-phizkian, Oihanaldeko pandero ederrak, beren kobre hori edo gorriekin, untzitegiko zureria pullita, sukaldeko aska handia, bethiko kutxa zaharra dirdiretan emaiten dituztela. Xingar azpi xurien, lukainka eta bipergorri soka luzeen itzalak zein bitxi egiten duen han, paretan! Ezagun da; bururaino errerik, laster hilen dira orai itxinduak. Ixtantean, gauzak eta jendeak ilhunbean ditezke sukalde handian...
Gantxume, amaren altzoan lokartu da hantxet, eta, ametsetarik, laminekin ari da borrokan. Frantxa eta Xaneta, bi aingeru maite bezala, Marieren ondoan, sorbalda sorbaldari kontra, beren buru pullitek elgar hunkitzen dutela, lokartu dira hek ere...
Zizelu xokotik, orduan berean, ezti-eztia huna non mintzo den aita:
«Hots, haurrak, gure othoitza erraitekoa dugu gaur oraino. Iratzar hortik! Haize eta uri, horra zer diteken gaur kanpoan; eta haizearen ondotik, behar bada, elhurra bihar goizean!... Eman gaiten guziak Jainko Jaunaren gerizan!...».
Oro xutitu dira berehala, zoin bere tokian, eta, arrats guziez bezala, goratik, jada, begiak bere arimaren gainerat hetsirik, hasia da Marie: «Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean...».
VII
Maria zaharra
Thomasek erran bezala, elhur egin zuen gau hartan guzian; eta goizalderat amak athe-leihoak ideki zituelarik, bazterrak oro xuri xuria agertu ziren, ikus-ahala urrun. Halako ixiltasun handi bat eroria bezala zen kanpo heien guzien gainera. Etxe-barnean, hala hala, harrabots guti sumatuko zen; barruki-heiatik ethorri marruma ilhun zonbeit doi-doia.
Etxearen aldeko gerezi ondoaren kaskoan, eliza-dorreko oilar handiaren pare finkaturik, bere bepazter horien artetik ezker eta eskuin orori beha, bele zahar bat karrankaz ari zen: kroa! kroa! kroa!... Bere goizeko othoitza erranik, jauzian athera zen Gantxume ttikia, eta, pisu pisua, orduan, kolore ederrenez dirdiretan iguzkiak aphaindua, airatu zen bele-kantaria...
«Zure bardako belea, ama!... Bainan, hegal ttikia handitu zaio gau huntan: Behozu anma, beha!».
Han, uhartzearen zola-zolan, beren bizkar handiak zabalduz, xuri xuria ageri ziren mendiak; Larrunek pesta-berrietako aldare eder bat iduri zuen.
Landa, sorbo, sorhopil, baratze, oro, xuri xuria hek ere, mila suz zilarreztatuak ziren, etxearen ondoan; eta irin pullitaren gainean, xori-paparo-gorriak saltoka leihoaren ondoraino heldu ziren, beren aztapar ttikiez elhurra zirrimarratuz dena. Frantxa eta Xaneta ogi-porroxka arthikitzen ari zitzaizkoten.
Elhur legun batek estalirik, bertze batzu eginak ziren herriko etxeak, Senpere guzia sorgin maite batek gau batez mudatu balu bezala, beltz-beltza athe-leioak, xuri xuria gainerateko guziak.
Errota-zaina urrun urrun ikusirik, harritu zen Gantxume eta oihuka hasi berehala, baizik eta, lehenagoko errota-zain xuriaren orde, errota-zain berri bat heldu zitzaiotela, beltz beltza elhur xuriaren gainean.
Oihanean, elhurrez gainetik oro orratuak, beltz beltza hek ere, ikus zitezken arbola-ondo zaharrak, beso eta ile alimale batzuekilako mamuak iduri.
Tartean, iguzkiak gordatzerat egiten zuen, zeru ilhun, hauts-kolore baten azpian; antzara-basa batzu sistakoan jalitzen ziren hedoien artetik, eta hedoi hetan berriz suntsitzen, halako karrasi erdoildu batekin.
Athe aintzinean, elhur-ukaldika ari ziren Ganix eta Gantxume...
* * *
Luze iduritu zitzaioten egun hura Oihanaldekoeri. Arratsean halere, lanak oro egin ondoan, elgarrekin goxo goxoa goxatu ziren guziak, sukalde beroan, josteta maiteetan haur ttikiak, eskuarazko irakurtzeetan bertzeak.
Eskualduna hartu zuen Piarresek, aitak Misionesten lan handiak erraiten dituen liburu gorria, Lurdeko Ama-Birjinaren ixtorioa Ganixek, Ebanjelio Saindua eta Jesu-Kristoren Imitazionea aldiz Mariek eta etxekandreak.
Untzitegi pullitean, gopor xuriek dir dir egiten zuten, eta gopor hetarik airatzerat abian, zazpi koloreetako oilar batzu, beren buztan handiak harro harroa dilindan, kukurukuka ari bezala zitzaizkoten Gantxumeri Frantxari eta Xanetari.
Sukalde xokoan, lau zangoren gainean xut xuta, bethi norapeit abian balitz bezala, orena han zagon, bere kopa luzearen barnean, zurezko kapelu oxkatua buruaren gainean, jendeeri eta gauzeri, orori begi handi batetarik begira. Bigarren begi handi batetarik, beheraxago, harat hunat bazabilan kobre hori borobil bat, tik tak, tik tak, urhats berean bethi. Hainbertze urthe hetan, zonbat oren goxo, zonbat oren ilhun ez zituen joak Oihanaldean, deusetaz durduzatu gabe sekulan! Etxeek arima bat balute? Eta etxeko arima hura han balitz, kopa luze haren barnean?... Edo hobeki, orenaren urhats ilhun hek Jainkoarenganat joan etxeko jendeen hurratsak balire, mixteriozko eskaler batzueri behera heren bethiko etxearen ikustera berriz heldu diren jendeen urhatsak?... Bethi, Gantxume, orenaren aintzinean landatua, han zagon orai, Frantxa eta Xaneta bere ondotik, norbeit edo zerbeit beharbada handik atheratzen ikusiren zutelako beldurrarekin...
Eta hain xuxen, makila-kaska bat athean entzunik, orenaren barnetik mamu bat jali balitzaiote bezenbat harritu ziren haur gaixoak, eta Xuriko, hortzak kirrikan, jauzi batean athera zen mahain azpitik. Bainan, ordukotz, boz samin samin bat ari zitzaioten guzieri:
—Gau on, jendeak, gau on!» eta makila baten gainean bi plegu egina, sukaldean sartu zen Azkenbordako Maria, eskale xaharra; eta, bere etxean izan balitz bezen deskantsuan, joana zen jada supazter-xoko xokoan jartzera, bi eskuak suari berehala... Eta, Mariaren eskalapoinetako elhurra su-harri beroak kuxean urtharazirik, bi ur erreka jali ziren haren zangoetarik.
—Gau on, gau on, Maria! Ongi-ethorria zuri. Aro hitsa hautatu duzu, gaur, Oihanalderat hola ethortzeko... Gopor bat esne harturen duzu, barnetto horren berotzeko...
—Ba, to, ez daiat ezetzik erranen, Thomas. Artho xuritzea zindutela uste nian, egiaren erraiteko. Ez nauk ni, eskalea. Eta badakik adixkide onetarat baizik ez naizela joaiten sekulan. Plazatar horiek berentzat atxik ditzatela beren bi-arditeko txarrak. Jende hobeagorik atxemaiten diat, beharrik, bazter-etxe hautan guzietan. Ah! Thomas, negu borthitza zioak, dorphea zinez ni bezalako xaharrentzat. Bainan ez nauk harritzen ere. Sekulako ametsak eginak ditiat! Eta gero, iragan egun horietan guzietan, nere xakurra dena lausengu heldu zitzaitakan ondorat, gathu milinga bat bezala, nere belhauneri fereka eta fereka! Larrungo ithurriek sekulan ez die dirdiratu, orai zonbeit egun bezala, eta nere hezurretako minak asiki eta asiki ari zitzaiztakan, gauaz eta egunaz! Banindioian, elhur eta horma itsusirik behar ginduela oraino!... Otsoak ere agertu omen dituk hor, Zugarramurdiko kasko horietan!...
—Zaude deskantsu, Maria, ez da gaur otsorik hunarako!...
—Bazukek, Piarres. Bainan ez duk bethi hola izan Senperen, eta nihaurek, haurrean, mihi alimale bat dilindan, begi odolztatu batzuekin larre-hegitik niri begira ikusia diat otsoa. Orai, axeriak balin badira ere non nahi, otsorik bederen ez duk hemen gaindi ageri. Eta gero, ehaiz otsoek izituko luzketen hetarik. Zer muthikoa egina haizen, eta zer Oihanaldeko nausia eginen dukan egun batez! Ahal bezen berent, hatik; ez dea hala, Thomas?... Eta ehintzen bada, haurrean, halako izigarri hetarik. Lapin-buru bat baino gehiago ehintzen eta; hogoita bortz aldiz besoetan ekarri baihaut, sukalde huntan, eta orai ni nagon tokian berean. Gaurko elhur-luma horietarik batto bezen arina kausitzen hindutan. Eta orai, bi erhiekin atxik nindezakek hor, Jainkoaren lorian!
Ah! Oihanaldeko etxe maitea! Haur-haurretik bildua diat etxe garbi hunen amodioa, Piarres, hire amatxi zenarekin batean katixima hemen ikasten nuelarik. Ibarronen, Helbarronen eta Amotzen bezala, Xerora guk deithu atxo xahar bat baginian, Madalen zeritzana; eta arrats gehienetan, Oihanalderat jiten zian Madalen, inguru hautako zazpi-zortzi bat haurreri katiximaren erakasteko. Bitxikeria batez orhoitzen ere nauk, to, hortxet, xoko hortan gerthatu bitxikeria batez...
—Hean, hean, Maria, bitxikeria hoi?
—Beraz, gure mendean ez baitzen oraiko argi eder hoitarik ikusten oraino, arraxina-mukizu baten inguruan giniantzian, su-burdin handi hoieri hurbil. Bere kiloa beso-azpian, phiru-phiru ari zian aldiz Madalen, bethitik ongi zakizkan katiximako galdeak guri eginez:
—Girixtino zare?
—Bai, girixtino naiz, Jainkoaren graziaz.
Eta, holaxet baginiatzian, galdez galde, emeki emeki hamar aldiz gauza berak errepikatuz. Hor, bet-betan, ohartu zian Madalen, bere krakoaren ondo-ondoraino errerik, hiltzera zoala arraxina mukizua; eta, bere lanetik piru bat ez nahiz galdu, hortzez eta erhi-muthurrez ixtupa luzatzen zuela, oihu egin ziaian:
«Arraxina hori goiti zan!...».
Eta zoroa, ni! Ustez eta katiximatik oraino ari zen gure xerora, dolamen batean ihardetsi nioian:
«Arraxina hori goiti zan».
Hirri bat ezpainetan eta bere buru maitea daldaratzen zuela, halako urrikalmendu bat bozean, zartez erran ziaian:
«Ai, ttula!...».
Eta nik, nere katixima bethi gogoan, deuseri ohartu gabe, errepikatu nioian berehala, ikaretan:
«Ai, ttula!...».
Oihanaldean oro hirriz ari ziren Mariaren atheraldi pullitari. Maite ere zuten aspaldion atxo gaixoa, eta bazakien hoi gure Mariak.
Suari bero eta bero ari zen, gauza guzieri begira, bereak oro izan balitu bezala etxe hartan; eta, kalakari gaitza Jainkoak eginik, ez zen beraz mintzatzetik athertzen.
«Ba, gaixo Oihanaldea, etxe maitea izana hakit eta bethitik: Jainko maitearen etxe bat, gauaz egunaz bezala. Luzaz eta luzaz, sarrailarik ere ez zian hemengo athe handiak, eskualdun etxe gehienetan ohi zen bezala. Bainan gero, orai berrogoita hamar bat urthe, edo hola, Murilloren eta Xirriparen beldurrez, jende guzia izitu zuan hemen gaindi. Atheak hobeki hetsi zituan, eta zuen aitatxik behin baino gehiagotan garbitu dik, erdoaldurik orai, ximiniaren gainean etzanik dagon xixpa hoi. Zer hel ere, gaineraino bethi kargaturik egon duk tresnatto hoi, hortxet, sukalde xokoan...».
—Murilloren eta Xirriparen ixtorioa berriz erran ezaguzu, Maria!
* * *
Bi eskuak bere makilaren gainean finkaturik, hasi zuen Mariak ixtorio lazgarria:
«Beraz, jende maiteak, orai berrogoita hamar bat urthe, Saran, bere sehiekin bera bakarrik bizi zen Ithurbide jaun zaharra.
Arrats batez, aro bat izigarria zen, ihurtzuri eta ximixtak alde guzietarik, mendi guziak orroaz, erraietaraino inharrosiak. Oherakoan, aingeruaren mezuz edo bertzela, sehiak erran zioten etxeko bi muthileri (muthiko gaztea batto, haur bat oraino bertzea): «Zer gaua gaixtaginentzat!». Eta, beldurrarekin, ongi jakin ere gabe zertako, haixturrak eman zituen trebesna bere gelako sarrailan. Muthilek aldiz deusik ez.
Gau erditsutan, sullardako leihotik sartu ziren Xirripa eta Murillo. Ezpartinak beherean utzirik, sehiaren atheari lothu ziren lehenik; bainan debaldetan, haixturrek finki barnetik gogor eginik.
Muthilen ganbaralat jo zuten orduan, eta harat orduko, kanit-puñal handi bat tripan sartu muthil zaharrenari. Muthil ttikia, harriturik, jauzian, ixil ixila, gorde zen aldiz ganbarako harmairu batean...
Tripak idekirik, bizkitartean, Murillori saltoan lothu zitzaion muthil gazte dohakabea. Hainitz odol jada galdua izanagatik, nola baitzen izigarri hazkarra, kartzaren pare ari zen Murillorekin borrokan, besoez, aztaparrez eta haginez. Hainbertzetaraino ziren biak elgarri josiak, non ez baitzen Xirripa menturatu heien artean sartzerat. Harritua ere ziteken behar bada...
Muthil gazteak azkenean, errabian, zangoko erhi handia asikian hartu zion Murillori. Murillo orduan erdi flakaturik, saratar muthikoak bi besoetan hartu zuen gaixtagina eta leihotik botatu. Harramantzetarat atzarririk, tiroka bere leihotik hasi zen Ithurbide nausia; muthilarenganat hastetik laster egin balu, behar bada, muthiko gaizoa odol-hustu gabe geldituren baitzen eta salbatuko!...
Oihu hek, tiro hek, odol haren ikusteak, edo nik dakita zerk iziturik, leihotik salto egin zuen Xirripak; eta, bertzeak dilindan, herrestan, ahal zuen bezala, nausiaren atheraino joan zen muthiko gaixoa.
Bainan, ez zen nausia idekitzerat atrebitu, eta han berean hil zen muthila; behar bada, artha-eskasean.
Bere gordagiatik orduan athera zen muthil ttikia.
Bainan berantegi, zorigaitzez! Harenganik jakin ziren halere gizon-hiltze hartako xehetasunak.
Biharamunean, Senpere Molereseneko bordariaren andreak (Gixonkieneko Leonen amak), bere aldateirat jautsi zenean, aldatei hartan etzanik ikusi zuen gizon bat, leher egina, eta gordeka bezala herrestan zabilana. Zangoko asikiari ohartu othe zitzaion? Ez nakike erraiteko, Bainan, nola, bezperaz geroz, Sarako izigarrikeriaz baizik ez baitzen nehon solasik, gogorat jin zitzaion: Murillo zuela han, bere aintzinean. Galde eta galdeka eman zitzaion, eta eskuetarik arras joana zela gizonak erraitearekin, urrikari ukan balu bezala, goiti sukalderat lagundu zuen. Eta gero, alegia eta su handi baten moldatzen ari, Leon, zortzi urtheko bere muttikoari ahapetik manatu zioen: zohala laster jandarmeetarat, eta erran zezoten: Murillo, kolpaturik, Moleresenean zutela; laster ethor zitezen beraz!!
Joan zen haurra, eta, hura berriz ethorri artean, bere lau urtheko bertze haur bat lagun, gizon hiltzalearekin bakar bakarrik egon zen bihotz handiko emaztekia! Atsegin hartu baitzuken, hatik, orenerdi luze baten buruan ethorri zirenean jandarmek, eta ongi mañotaturik Murillo ereman zutenean! Orduan aldixartu omen zen ama gaixoa.
Biharamunean, Saralat ereman zuten gizon hiltzaile higuina. Sekulako jendea bildu zen alde orotarik, eta mehatxu, xixtu eta orroen artean interroatu zuten. Muthil ttikia, ikare daldaretan oraino, ororen kondatzerat agertu zen, eta ezin deus ukatu zuen Murillok; han berean xirxikatu nahi izan baitzuen jendetze harek guziak.
Baionarat, bide-zaharrez ereman zuten gero, segidan, eta bide guzian, karrosa-barnean, españolez bere buruarekin ari aditu zuten jandarmek. Errabia gorrian zen, zeren ez zuten Donianeko bidetik ereman Baionarat! «Han izanen bainuen behar den laguntza guzia!».
Espantuka ari othe zen Murillo, ala egiazki lagunak igurikatzen othe zituen Donianeko bidean? Nik ez dakit... Handik laster, Baionako Glacisetan lephoa moztu zioten.
Xirriparen egiazko berririk ez da sekulan agertu. Diote batzuek Ameriketarat ihes egin zuela. Bainan, luzaz eta luzaz, Xirripaz baizik ez zen nehor mintzo. Batek hemen ikusi, bertzeak han. Zinez ikaretan zauden bazter guziak, eta Menta zenak, berriki orduan ethorri jaun erretorak, orai oraino han den alimaleko burdinmarra bat emanarazi zuen bere athe handiaren gibelean. Ilhunaz geroz, ez zen gathurik ere ageri Senpereko karrikan, eta, igande arratsetan, ez zen segurki erretira jotze beharrik, jendearen etxerat igortzeko.
Egia edo gezurra, diote oraino, handik laster. Dihurzibehere mirikua, bide-zaharrez, Zirikolatzeko parrean, gau batez karrosan heldu zelarik, serora bat kausitu zuela bidean. Karrosarat igaitea serorak galdeginik, baietz onhartu omen zion mirikuak. Bainan, bere puska batzu Serorak eman nahi izan zituelarik karrosan, Dihurzibehere jaunak gizon-esku batzu ikusi ziozkan delako serorari. Burdin-harrabots bat gero puska hek eginik karrosa zolan, izitu zen gure jaun mirikua, eta zaldia finki azotaturik, ez zen toki hetarik nahi baino lasterrago urrundu. Zapartaka Senpererat heldu zenean eta Seroraren puskak miatu zituenean, kanit, puñal eta pixtoletik baizik ez zuen kausitu oihalaren barnean... Egun hartarik harat, ez omen zitzaion karrosan tokirik galdatu behar Dihurzibehere mirikuari. Jaun aphezpikuari berari ezetz erranen zion eta!...».
* * *
Ixtorio izigarria Mariak bururatzean, han zirenak oro ixil ixila gelditu ziren, Maria bera ere ixilik zagon. Guzien gogoak han zabiltzan Saran, Moleresenean, zirikolatzen.
Hainbertzenarekin hamar orenek jo zuten sukalde xokoan, eta intzireka xutitu zen Maria:
—Atx! Atx!... Ez da oraiko errana, xahartuta Atx erraiten dela jartzean, Atx! Atx! aldiz, xutitzean!... Jainkoak dauzuela gau on, jende maiteak!...
—Berant ez othe da gaur goiti zuretzat, Maria?
—Zer munta du, eta noren beldur behar naiz? Sorginen?... Bakharrak baitut ikusirik nere bizian aireko horietarik, intha guzietan, eta bethi gauaz!... Ez dute nere gainean ahalik! Sorgina ez naiza nihaur?
—Oihanaldean ez, segurki, zure motto pullitaren barnean ileak hola bildurik. Bainan, han, zure etxeño hartan, ile hoik alde guzietara dilindan, zure laneko soinekoetan agertzen ziren aldietan!... Zu baino pullitagorik bada orduan non nahi, Maria!...
—Behozue, behozue, Piarres ozarrari! Hots, berriz ikus arte, haurrak.
Eta hirriz urrundu zitzaioten Maria. Bainan, hamar urhats gabe, maiz hola egiten ere zuen bezala, berriz han zuten, gibelerat itzulia:
—Errak, Piarres, jakintzak gero, girixtino on bat nahi dela bethi Maria. Ur benedikatuarekin ongi zeinaturik baizen ez nauk behin ere joan nere kamantzarat, eta supazter-xokoan han dituk ene bethiko liburuak: Testament Zaharra eta Sainduen Bizitzea... Gero arte, Piarres! Arrosarioak eskuan banioak etxera... Errak, eta, pipita beltz bat ikusi baitiot ostixoan zuen kandelari, noren letra behar duk, bihar, Piarres?...
Eta, xafla xafla bere makilaren gainean finkatuz, elhurraren gainean lerratuz, gau ilhunean suntsitu zen Maria. Eta, atxoak hola sistaturik, hirriz bere buruarekin gelditu zen Piarres. Letra bat? Norenganik?... Eta berak jakin ere gabe zertako, gorri gorria egin zen, Lizartzako Goañaz bet betan orhoiturik...
Arratseko othoitza errana zuten orai orok, etxe guzia gerizatu nahi zuen Familia Sainduaren iduri pullit baten aintzinean, eta Marie azken ahapaldian ari zen:
«Mahuma, mahuma, ez nuk hire beldur;
Jainkoarekin etzaten nuk,
Ama Birjinarekin jaikitzen nuk,
Bi angeru ditiat ene sahetsean;
Ez hakitala atrebi othoitzean,
Ez loan, ez ametsean;
Jesus diat ene bihotzean!».
«Banoa loaren hartzera;
Jesus zure izenean, gau eta egun!
Jauna, zure odol dibinoaz erosi nauzunaz munduan,
Arren, errezebi nezazu hil et'ondoan zeruan!
Jainko ona, othoi eman ezadazu
Zure benedizione saindua,
Zutaz entzuna izaiteko grazia! Hala biz».
Oheratekoan, bertze orduz ere baino maitekiago hartu zuten orok ur benedikatua, Bithotz-Sakratuaren azpian, sukaldeko athearen ondoan dilindan bethitik zagon untzi xuriurdin eta horian. Murilloz orhoit ziren alabainan!
Kanpoan —Mariaren sorginkeriak harek ere ongi aditu balitu bezala— Xuriko ari zen sainga eta sainga ilhargiari, aztieri eta gizon-hiltzaileeri...
VIII
Artho-xuritzen
Urthe berri bezpera zen. Gau bat ederra. Ohidura xaharrak begiratu beharrez, turrutari bat lagun harturik, herriko-muthila, athez-athe zabilan, bas-herrietan. Heien atabala-turrutak adi zitezken urrunera, gain hetako xakurrak oro asalduretan emaiten zituztela.
Lerro, lerro, bat bertzearen ondotik, hauzoak heldu ziren Oihanaldera. Inthari gora, bixi bixia ernatzen ziren, ezen elhurra hormatua zen oraino gain hetan guzietan, eta eskalapoinen azpian kurrusk kurrusk kriskatzen zitzaioten. Beharrik ez zuten urrun joaiterik, Oihanaldeko Gaxuxak, egundainotik, lehen auzoak baizik ez zituelakotz nahi beren artho-xuritzetan. Sobera emazteki zuhurra zen gazte arin guzien etxerat ekarrarazteko.
Sukaldean bildurik, xutik gizonak, jarririk emaztekiak, kafe xorta baten edaten ari ziren, barnearen berotzeko, lanari lothu aintzinean.
Eta orai, selauruan zoin bere tokian moldaturik, bideak, hormak eta edari beroak gorri gorria eginak, trenpurik goxoenean hasiak ziren oro. Piarresek, hiru-hortzarekin artho andana bat jautsarazi zuen artho-xuritzale bakotxaren aintzinera. Eta hirriz, berehala, guziak eman zitzaizkon erasian, baizik eta bertzeeri baino gutiago lan hedatu ziotela Goaña Lizartzakoari eta haren amari. Alegia samur egin zuen orduan Piarresek, bainan, bere bihotzaren zolan sumatu zuen atsegin egiazki zuela, Lizartzako andreak Goaña Oihanalderat gau hartan berekin ekarririk.
Erreguko bi saski handi han zituzten aintzinean, artho buru ederrak, hori edo gorri gorria, hetarat arthikitzeko. Eta, zinezko eskualdunak eta beraz oro guti aski pilotariak izaki, buru bakhar batzu doi doia ziren erortzen saski handietarik kanpo; burla eta hirririk aski baitzuen orduan hola herrebes izatu zenak.
Bihi baino korbutxa gehiago zuten artho-buru txarrak arthikiak ziren aldiz bertze saski batetara, behiek gero, neguan, lorietan janen baitzituzten.
Emaztekiak, gehienak —beren behatzak ez ahitzeko— othe-adarrez eginikako xiriekin ari ziren; gizonak aldiz, sanoki, lan gogorrenetan sorhaiotu erhiekin. Eta, guziek, hostoak bururaino ideki ondoan, hosto hek sorbalda gainetik botatzen zituzten brixtakoan, beren xangar ttikiekin. Meta handi egiten zen horrela artho xuritzaleen gibelean, behieri geroan janaraztekoak hek ere.
Hotzik ez zuen orai nehork barne hartan, eta hirria hirriaren ondotik zabilan, selauru handian. Jada, bere boz maitea, lepho luxe batean, mahasti-aihena bezala kurumilkatuz, Janpiarre hasia zen kantuz:
«Artho xuri xuri bi bahetan pasatu...».
Bainan, berehala, Gaxuxak, Oihanaldeko etxekandreak, ezti eztia erran zion bere xokotik:
«Bertze zerbeit emaguk, othoi, Janpiarre. Ez dakitalarik ongi, uste diat ez den pullitenetarik hik orai eman dukan hoi... eta hemen baituk, gaur, gazteak eta haurrak ere bai».
Eta, gehiagokorik gabe, gogorik hoberenean, hasi zen beraz Janpiarre:
«Aitak, eman daut dotea,
Neurea, neurea!
Urdeño bat bere umekin,
Oilo koloka bere xitoekin,
Tipula korda heiekin.
Tipula korda heiekin!
Otsoak jan daut urdea,
Neurea, neurea!
Axeriak oilo koloka,
Garratoinak tipula korda;
Adios neure dotea!
Adios neure dotea!».
Eta guziek betan, Janpiarreren ondotik eman zuten errepika pullita.
Hain xuxen, saskiak berriz ere mukurru betheak zirelakotz, bizkarrean biek betan hartu zituzten Bixentek eta Piarresek. Eta, bertze selaururat, idortzerat, saski hetako arthoak eremaitearekin, Bixentek hirri zafla batean erran zion Piarresi:
«Urdeño, oilo-kolokaz eta tipula-sokaz bertzerik badukek egun batez, nik dakidan etxeko-alaba on bati, eskaintzeko!...».
Eta guziek maiteki hirri egin zuten selauruan.
* * *
Bizkitartean, Marie oihuz eman zen bet-betan:
—Ikuxi mikuxi!
—Zer ikuxi?
—Bi edari untzi batean?
—Gorringoa eta xuringoa arroltze-kuskuan.
—Epez dupuzupuepelapa apasmapatzepen zeper depen?
—Epez!
—Bethi bustia, bethi atherbean? Zer da?...
—Mihia aho-barnean.
-Ba! oro badakizkatzue eta. Hean hean, Bixente, artho-xuritzeetako ixtorio bat pullita?...
—Berehala, Marie, nere pipattoa belhar-hostoz koka-ahala betheta.
Eta Bixente, bere su-koparen drundari pipa pizturik, pafa pafa ari zen, Janpiarreri beha eta beha, halako hirri maltzur batean.
—Zer duzu bada niri hola hirriz artzeko, Bixente?
—To, hire eskuineko galtzari beihaunera behatu eta, gogorat heldu baitzaut Mariek galdatu ixtorioa...
Beraz, bertzorduz, hantxet, Xuberoan, Mauleko jaunxkila batzuk menditik heldu ikusi zuten Piarreñi deitzen zuten gizon bat. Eta, salbu zuek eta, Piarreñi heldu zitzaioten bere galtza bat belhaunetik xilo; eta belhaun-xilo hartarik, leiho batetarik bezala, belhaun-kosko bat ageri zen laatza bezen beltz. Alabainan, ithurri gutti kausitu zuen Piarreñik mendian, eta orduan, bere belhauna batere garbitu gabe atxikia zuen zenbeit hilabethe hetan guzietan.
Hirriz eman zitzaizkon beraz jaunxkila aizinatuak; hirriz eta oihuka:
—Errak to, Piarreñi, ahalke ere behar huke, hire belhaunarekin hola karrikarat agertzeko... Fu, zikin!.
Piarreñi kexatu eta oihuka hasi hura ere:
—Zer, zikin eta mikin? Moko xuriak zuek!... Bi bost liberako jokatzen ditut eta, belhaun zikinagorik badaitela gure konpainian...
—Ez alafede, Piarreñi.
—Bi bost liberako, hots?
—Eiñak dituk...
Eta, jaun hek guziak, kurturik, beren galtzen altxatzen eman ziren berehala; eta xuri xuria agertu ziren hango belhaunak oro, belhaun batzu arras muñuñak; hots, Senpereko belhaun zonbeit baino pullitagoak.
Piarreñik, orduan, zilorik gabeko bere bigarren galtza goititu zuen pulliki; pulliki, eta belhaun bat agertu zuen, pandero-gibelik beltzena baino beltzagokoa, han zirenak oro oihuka eman baitziren berehala. Hirri maltzur batean ari zitzaioten orai Piarreñi, guzieri galdeka:
—Eta hau ez zena hemen, ez zena konpainian? Hunen gainean ez othe da Piarreñi finkatzen, ongarriaren erdian behiak deizten dituelarik? Bi bost liberakoak galduak ditutzue jaunak; hean hunat nork emanen dazkidatan?...
Hirriz usteldurik, eman ziozkaten beraz Piarreñiri hain ongi beretuak zituen duroak; eta handik harat, ez omen zion nehork ulitxarik Piarreñiri khendu nahi Mauleko karriketan.
—Horra, Janpiarre, zer heldu zitzautan gogora, hire belhaunari behatu eta. Hik ere, eskuineko belhaunaren gainean bat zikindua izanagatik, ez duk xilorik galtzetan, eta segur nauk hire belhaunak ere ongixko garbitzen ditukala.
—Arrats gehienetan, Bixente, af ldu eta oheratekoan; ongi unhatu eta, oraino ere bainago deus hobeagorik othe den langilearentzat?"
Artho-xuritzaleak beren hirri-karkaratik geldituxe zirenean, Gaxuxak, ezpainak zimurturik, jostetan erran zion Bixenteri:
—Ah! Bixente, badela hatik gizon zikinik bazterretan!
—Bai eta andre alferrik ere bai, Gaxuxa...
—Emaztekien aldi duguia beraz orai? Hean, hean?
—Bai emaztekien aldi, eta uste ez baduzue ere, nik erranen zueri noizez geroz dugun kukusoa lurgainean...
Orai duela aspaldi, Hergaraiko gain horietan, omen zen beraz ithurri bat hauta, Ur-onlloa deitzen zutena. Ur-onttoari hurbil, eta kasik Ur-onttoan bizi ohi zen emazteki bat alferra... bainan alferra! Zotza, hots! Deus fitsik ez omen zuen egiten sekulan, Ur-onttotik hurrup eta klik bizi izan balitz bezala.
Hura alfer-zotz hola ikusteaz okaztatu zen azkenean Jainko maitea, eta andre higuina zerbeitetan bermarazi beharrez, egin zituen beraz... lehenbiziko bi kukusoak. Eta ixtanteko sortu ziren bertze sekulakoak. Handik harat, lan izan zuen emaztekiak, bederen kukuso miatzen. Zorigaitzez, ez zituen oro hil —hain zen alferra!— eta Ur-onttoaren aldean iragan gizon eta emazteki guzien gainera jauzi egin zuten kukusoek, eta orai, badira bazter guzietan ilumina.
Gaxuxa eta haren lagunak hirriz ari ziren maiteki; batere hasarretu gabe. Iduri ere zitzaioten —zer diren hatik ametsak!— Ur-onttoko kukusoak, artho-xurikinetarik, purru purtu jin behar zitzaizkotela guzieri gainera.
* * *
Lana bururatua zuten bizkitartean. Bulta hartan jada, etxekandrea itzulia zen bere Marierekin batean. Eta orai, artho-xuritzaleak oro sukaldean ari ziren, deskantsorik maiteenean, ogi eta gasna ahamen baten jaten. Gaxuxak ez zuen xinkorkeriarik nahi Oihanaldean, guziz langileentzat. Eta sagar-arno hoberenetik ari ziren oro, gaztena gozo gozo batzu zintzurrari behera igorri beharrez. Gosetuak ere ziren, hotzak eta lanak hortzak xorroxturik. Esne xorta bat hartu zuten oraino lorietan, eta gero xutitu guziak, zoin beren etxeetarat joan beharrez.
Athe handia zabaldu zeneko, haize mehe bat firurikan sartu zen Oihanaldean, etxekandrearen baimenikan batere gabe, eta, gau on halako hotz-ikare batean erranik, joan ziren oro kanporat.
Heien eskalapoin-azantzeri bulla bat beha egon zen Piarres, bizkarrez atheari. Landa, sorho, ibarrak elhurrez xurituak, argi, argia, han zituen aintzinean, ilhargi-bethearen azpian. Oihanak, xarak, berro-sasiak aldiz, egunaz ere baino beltzago ageri ziren orai. Ur-handia, suge ilhun alimale bat bezala, bazoan, bere bethiko bidean, orroaz urrunerat suma zitaken itsasoari buruz, aphal aphala, herrestan. Olhasoko, Hergaraiko, Amotzko, Helbarrungo mendiskak, hauts kolore, eder ziren alderdi guzietan; eta han, uhartzean, Santa Barbarak iduri zuen Larune handiaren mendi-kume bat.
Izar arte xoragarrienaren erdian, Jon Doni Jakoberen bidetik ezker, Errege-Magoer eta Oilo-kolokari aski hurbil, ilhargia, hotz hotza, bainan izigarri eder, beha zagon berak haie ongi aphaintzen zuen kanpo hari guziari. Piarresi ere ez othe zion gain hartarik behatzen?... Oihanaldearen gainerat heldu zen orai, ixil ixila lerratuz, zeru urdinean igerika bezala. Eta, muthil gazteak ikusten zuen, han, ilhargi hartan, duela bi mila urthe edo hurbil, igandekari lanean arizanik, airean hartua eta eremana izan zen gizon dohakabea, bere egur-zama zorigaitzezkoa bizkarrean.
Errege Zalomonen xakur-ihiztariak ere, sainga eta sainga iragaiten, sumatu zituen zeru goren-gorenean.
Horma ikaragarria ari zuen airean, lurrean, orotan.
Bainan horma eta hotzari ohartu ere ez zen Piarres; eta, Oihanaldean sartu zen, ikare goxo eta garbi batekin, Lizartzako alderat azken behako maite bat luze luzea igorririk.
IX
Udaberria
Egun hartarik, bihotza kantari bazabilan beraz Piarres Oihanaldekoa. Mundua mundu egin den tenore hartaz geroztik, Jainkoak berak gehieneri erakatsi kantu garbia jali zitzaion, bihotz xoko xokoan...
Eta hala hala, handik laster, bazterrak oro kantuz hasi ziren hek ere, dudarik gabe Piarresen bihotzak bezala egiteko.
Udaberria heldu zen, dena musker, ferde ferdea, dena maitetasun. Iduri zuen, han, bere barne hartan, zainak oro hantzen ari zitzaizkola Eskual-Herriko lurrari, eta lur harek, ama on baten pare, bere ditia emaiten ziotela gauza guzieri, guzieri betan. Mila harrabots suma zitezken jada, landa, sorho, larretan, axaletik hurbil, xinhaurri mixteriozko batzu, aztaparka, kanporat beharrez ari balire bezala. Sahatsak, zur-xuriak muskiltzen jada hasiak ziren, urbazterretan.
Haize-hegoa firurikan heldu zen Nafarroako mendi handier behera, iguzkiaren musu bero bero bat berekin zakarkela, eta musu harekin mendiak maiteki mastakaturik, mendi heieri beren soin xuri pullita urtarazten ziotela. Nork erran du bada, Eskual-Herriko sorgin bat dela haize hegoa? Bai, sorgina; bainan sorginetan maiteena, uda-berrian, uda-azkenean bezala, oro maiteak egiten dituen sorgina.
Hegoa firurikan mendi bazterretan;
Odola harrotzen du orori zainetan:
Dantza piko bat niro eman, lorietan!
(J. B.)
* * *
Bainan, sorginkeria guziak pekatu behar mundu huntan! Mendietako elhurrak oro huna orai, harrokeri beheiti burrunbaka, jauzteka. Eta behereko haran, ibar eta zelaiak hunkitu orduko, berehala, eta gaitzituak izan balire bezala, beltz beltza egiten ziren, eta hasarre gaitzean emaiten. Gaixtatuak zinez, oro bazeramazkaten berekin itsaso samurrari buruz, lurrak larrutuz asikian, arbolak errotik eremanez, errabia gorrian. Phago handi batzu, luze luzea heldu ziren, erroak aintzin, hainbertze urthez aztaparkatu zuten lur maitea berekin oraino garreiatuz.
Osin-zilo handietarat heltzen zirenean, sahaska kurumilkatzen ziren, beren adar eta aldaskak ile handi batzu bezala luzatuz, ile hek elgarrekin nahasiz. Bet betan, xut xuta emaiten ziren, Basajauna iduri, leihorretarat berriz igan nahi balute bezala. Eta gero, ur handiak berriz hartuak eta iretsiak, zehatuak bazoazin, errobiak norat ere nahi baitzuen eta harat.
Eta Piarresek, ur-bazterrean phago handieri begira bulta bat egonik, bere buruarekin egin zuen, zuhaitz handienak errobiak bezala, gizonik hazkarrenak —gogo-kontra balinbada ere— deramazkala biziak, edo hobeki Jainkoak. Eta ilhundura zerbeit sartu zitzaion bihotzean; bainan, gizonago sumatu zuen bere burua, girixtinoago bere arima. Jainkoak lur hunen gainean zabaltzen duen liburuan irakurtzen holaxet ikasten ari zen, egun guziez pitta bat gehiago.
Urak sartu ziren gero, handik aski laster. Otsailean jada, usainik gabeko lore urdin brioletak heldu ziren non nahi, eskualdun lurra ikusi nahiz, zango mehar batzuen gainean luxatuz. Martxoan, Andredena-Mari lili ttikiak, xuri, hori eta gorri; hala hala, begi-handiak idi-mihiak, eta suge-belharrak. Neguan baino pullitago eta muskerrago beren buruak eginez, arbola ondoetan, intha bazterretan agerian emaiten ziren orai xirak eta gooldiak. Xira hoik partida zituen Piarresek, arbolaren odol-jale batzuentzat zauzkalakotz, eta puda ukaldi bat baino gehiago emaiten zioten, ahal zuen aldi guziez. Zonbat jende, lur gainean, xira bezala bertzeen gostuz bizi direnak, bertze hoier odola jaten diotela egun oroz!...
Paparo-gorriez bertze xoririk ageri zen orai bazterretan. Tiu, tiu, tiu, okila, sistakoan, bazabilan arbola batetarik bertzera, ametz-ondoeri mokoaz kaskaka, larru-axalaren azpian mamutxa zerbeit atxeman beharrez, edo orobat —behar bada— arbola baten barnean mila urthe huntan preso gathibu omen dagon basa-anderea handik athera beharrez...
Xuri eta beltx, fika batzu, beren buztan luzearekin bethi leiretan ari, hasiak ziren zur-xuri baten kasko kaskoan beren ohantze handia egin beharrez. Alderdi guzietara beha lehenik egon eta, heldu ziren biak ondo hetara, eta gero hetarik batto, jauzi eta jauzi, adarrez adar bazoan, aldaska ttiki batez, mokotara bat belharrez edo lasto horiz kafe-ohantzea moldatzen zuela eta hedatzen. Eta bere laguna, bertze zuhaitz baten gainean finkaturik, karrankaz emaiten zitzaion, deskantsuz ar zitekela lanean, eskolako muthiko tzarrik ez zela han gaindi ezagun... Ez zituen Gantxumek ikusten!...
Iñhara bat firurikan iragan zitzaion aintzinetik Piarresi, eta orhoitu zen muthil gaztea ez duela iñhara batek egiten udaberria!...
Eta, hala hala, gibelerat egin bezala zuen udaberriak. Kanderailu bero, negua... gero, maiz gerthatzen ohi den bezala. Mendeala heldu zen abre, itsusi, izigarri. Hosto handirik gabeko arbolak, lurreraino kurturik, intzireka ari ziren ibar-kaskoetan; eta, burrunbaka, heien adar beltzen artean zirurikatuz heldu zen haizeak bazuen orro eta ziztu, Jainko handiaren organoak oro betan ari zirela erranen baitzinuten. Urite itsusiak egin zituen: uharrak uharren gainera, baazuza xeheak, harri larriak ere ba. Urthe hartan, Ihauteriz, nekaitz itsusienaren erdian ibili zen Gaxien putzu egilea, bere gerren luzean puskaz zer nahi gain gaineraino sistaturik: Xingar eta arroltze, bat edo bertze...
Eta, gero, bet-betan, goiz batez zirimola hura guzia tanpez huna gelditu zitzaiotela. Ixiltasun handi bat erori zen kanpo heien gainera, eta primadera-xori ttiki ttikienen kantu arinak berriz aditu ziren. Uli-xori eta xirrixkilak, errege-pittittak, sasiz sasi abiatu ziren, eta berriz phiztu ziren bazterrak, erhotuak, galdu egunak oro gibeletik atxeman nahi ukan baluzte bezala.
Andredena Maria Martxoko...
Behiak larrean aseko,
Kaikua esnez betheko.
Horra zer zion Piarresek, bere behiak larrerat Andredena Maria goizean ereman zituelarik; eta Katzok ez zion batere ihardetsi:
«Muuu! Muuu!
Kontu Erramu!...».
Erramu iragan zen, eta Gorriak, Katzok eta bertzeek, xahako xuri eder eta handi batzuen iduriko errapeak ekartzen zituzten, arrats guziez, Oihanaldeko larre gizenetarik.
* * *
Egun batez, zortzi orenak irian, sekulako birrinbili barranbala eraiki zen bet-betan. Santiago, herriko muthila, bere atabalarekin, harat-hunat bazabilan karrika buru batetik, bertzera: plan ran plan, plan ran plan!... Piarrex, bixi bixia, samin samina, eliza-dorrean ari zen bere ezkilari joka: dan dan dan, dan dan dan... Eta alderdi guzietarik heldu ziren orai gizonak, zoin bere sardiarekin edo palarekin.
—Non da su?
—Hantxet, Erreka-Luzen!
Jotzen ezkila, dardaratzen atabala entzunik, egun hartan aski bederen bazutela eginik, bordalderik ez zutela berdin Erreka-Luzen, plazatarrak gozo gozoa gelditu ziren karrikan, athe aintzinean kalaka gorrian bulta bat goxaturik. Guarda zonbeit bazoazin bizkitartean eta jandarma zonbeit ere bai, Olhaso-kaskoari buruz.
Heiekilan batean kasik, beren makilak eskuan, bazoazin ere jaun erretora eta jaun bikarioa. Berriki orduan ethorria ere zelakotz, erretor gaizoari, hirri-egiteko bezala, ez ziona jaun bikario maltzurrak sinhetsarazi edo bederen sinhesterat utzi, baizik eta Erreka-Luzea bordari on batzuen bizitegia zitekela? Ez zion hola erran, nahi baduzue, bainan, ondo ondoraino enganatzerat utzi zuen, eta lorietan!
Su-tokirat zonbeit gizonekin jada helduak, haizkorak eskuan, zapartaka lanean ari ziren oihan-zainak. Suari berea eman behar zitzaion, tokiaren gainean suntsi zadien; eta gero, su hori behar zen geldiarazi, inguruan lasterrez eginen zioten muga batean. Jainkoak itsaso handiari bezala, behar zitzaion erran: «Horradino ethorriren haiz; ez ordean urrunago!».
Zorionez, ur-erreka ttiki bat erasian heldu zen oihanbizkarrari behera, suari harek eginen baitzion ezin iraganen zuen muga hezea. Erreka haren hunaindian, oihan-zainek hola manaturik, eman ziren gizonak oro, beren sardi, pala eta ostaila bustiak eskuan. Bere sotana gerriraino altxaturik, bikario gaztea aldean eman zitzaioten.
Jaun erretora ere nahi izan zen moldatu heien erdian. Erremu-igandekoa ez bezalako ostaila handi bat eskuan, han zagon, tente potente, bertzeek eginen zutena berak eginen zuelako ustekerian. Bainan, Piarresek, frango maiteki kendu zion ostaila izigarria, eta bertzeak oro, hirriz, oihuka eman zitzaizkon: «Ez, jaun erretora, ez! Ez zinakike! Bego lana guretzat. Nehork min har baleza halere, atsegin dugu gurekin hor baitzitezke. Herriko erretorik egundaino ez ahal da ikusi Erreka-Luzen edo Zirikolatzen, su hiltzerat hola ethorri erretorik bederen...».
Haize-hego burrunba izigarri batean heldu zen bizkitartean sua, su bat zinez lazgarria. Oihanak, han, imitua bezalako zilo handi bat egiten ere zuelakotz, itsaso bat erranen zinuten. Dena su, dena gar, dena khe! Haizeak bultaka kurtzen zituen su-lama ikaragarriak, eta gero, berriz, ametz handienak baino gorago altxatzen ziren, erhotuak, ziztuka, ortzi ilhun ilhun baten karraska berarekin. Berhoak, sasiak, ametz gazteak, haitz-zaharrenak berak, errabian inguratuak ziren, setiatuak alde orotarik eta gero xirtxikatuak, iretsiak, burdinolhetan lur ilhunak erakitzen ohi diren bezala. Ifernua ez othe zen, han, zilo handi hartan?
Eta orai, suzko itsasoa han zuten, hogoi urhatsetan, pareta gorri gorri bat bezala heldu, zinez izigarria. Bero bat eraikia zen ezin jasanezkoa, bafadaka heldu zen beroa. Gizonetarik bat gibeletik su-lamek inguraturik, doi doiak egin zuen ez baitzen hantxet gelditu, begien hesteko artean. Beharrik aski tenorez oihu egin zioten lagunek eta esku eman ere zalukara. Eta jaun erretorak orduan ikusi zuen, jostetarik etzela suarekin, eta zuhur eta erdi izan zirela haren jendeak, gibelerat maiteki igorri hala zutelarik. Doi doiak ere egin zuen bertzalde, ez baitzen Leon gaizoa othoitz zerbeiten beharretan hantxet aurkitu, hain hurbil danik suak inguratu zuelarik...
Bizkitartean, haizkoraz arthiki arbolen aintzinean, hautsi, kraskatu bezala zen su izigarria. Bere buruaren jaten ari zen orai tokiaren gainean, ur-errekak han geldiarazia, ostaila, sardi eta pala ukaldika gizonek zapatua, lehertua. Han, bere gibelean, azken arbolak —handienak— karraskan ari ziren ondarreraino suntsitzen. Ortzi-azantza ematua zen. Hazkurririk gehiago aintzinean ez kausitzen, eta azken hexurren murxatzen ari zen orai su ikaragarria, ñastaka, intzireka; milaka phindarrak igortzen zituen halere, noizetik eta noizera, bere parra osoki iragana ez balu bezala.
Phindar heien hiltzen, oren batez oraino egon ziren gizonak; eta gero, izerditan, joan ziren zoin beren etxeetara, pala eta sardi berotuak bizkarrean. Heien gibelean, eta bizpahiru oren lehenago oihan heze ederra zen tokian, ez zen gehiago hauts zuri eta beltz alimale bat baizik ageri, eskuetan zinez erre nahi zuen hauts itsusi bat. Tiut eta tiut, intzireka, alderdi guzietarat hegaldaka zoazila, ikus zitezken oihaneko xori maiteak, beren ohantze tokiak galdurik, osoki ohilduak. Jandarmak, oihan-zainak han zauden, ur-errekari hurbil xut xuta, zer nahi gertha ere geldituak. Jaun erretora jautsi zen herrirat, bere bikario maltzurrarekin eta ongi nekatuak ziren guarda zonbeitekin. Bere gostuz ikasia zuen gaur goiti, etxe gutixko zela Erreka-Luzen. Burla zerbeit egin ere zioten maiteki bidean. Bainan, gero, orok elgarrekin, arno-xuri on xorta bat lorietan edan zuten aphez-etxean, eta bakeak frango errexki egin ziren.
Piarresek, Oihanaldeko muthurretik, behatu zion berriz oraino Erreka-Luzetik heldu zen khe beltz itsusiari; eta, egun hartan, ongi buruan hartu zuen, zer kalteak ekar dezazken batzuetan, bazka berriaren jinarazteko phiztu den su ttiki ttiki batek. Non phiztu den jakiten ohi da; ez ordean non den geldituko, edo zer desmasiak eginik bazterretan!...
* * *
Aphirila jina zen, eta ez (urthe hartan) hain biribila. Nehor guti zagon etxean... hila.
Gerezi ondoen gainean, pinpirinak idekitzera zoazin. Elhorri beltza, elhorri xuria geroxago, lore pullit pullit batzuz estali ziren; merxikak gorri gorria egin bazterretan. Kukua kantuz ari zen oihanetik; Piarresek zalu zalua miatu zuen bere moltsa... Eta diru zerbeit han kausiturik, hirri bat jin zitzaion ezpainetara: urtheko diru bazukeela beraz etxean, erran zahar maitearen arabera. Eta hala hala, pottokaz leherra ez zena bethi heldu Zugaramurdiko gain hetara? Pottoka hetarik zonbeit ez zituena, berriki oraino, lephorainoko uretik hantxet iraganarazi, zubiaren zain guardak zaudelarik!... Bazterrak ere ez zirena oro xoragarri heldu, Oihanaldearen inguruan?... Bai, kantazak, kanta, kukua: kuku, kuku!
Ithurriak, ur-errekak, erasiaka heldu ziren mendiari beheiti, mixteriozko gauza maite maite batzu, negu luze hartako gauza maite batzu, mur, mur, mur elgarri salatuz.
Mahasti haintzurrean ari ziren orotan, Ibarrarteko paretan, Xerrendan, Amotzen, Helbarronen, Ibarronen; eta gorri gorria egin ziren herriko mendi-paretak. Thomas, Piarres, Ganix karraskan hasi ziren hek ere Oihanaldeko kaskoan, bertzeak bezenbat izan beharrez.
Berho-sasietan, arbola guzietan, xoriak ari ziren hek ere, sukar batean, beren ohantze ttikien moldatzen. Maiatza heldu zen; beraz ernatu behar! Kardinale pullit pullit batzu, xuri eta gorri beren moko ondoak, hori eta beltx beren hegalak, multxoka bazoazin merxika ondo batetara lehenik, bertze batetara gero, elgar atxemanka, sekulako erasietan: petti, petti, petti.
Mahasti-lerro batean, xoxo eder batek, bere moko horia doi doi idekitzen zuela, Ganixi ikasi Phesta-Berrietako turruta aireak xixtu eta xixtu xoxo lagun maite bati emaiten ziozkan.
Liztor itsusi batzu, maltzur-maltzurra heldu ziren, etxe-mahatsari hurbil, hegazpe zoko batean beren kafe-ohantzeak egin beharrez: urrian gero, mahatsez zer aseak, zer horditzeak ez zituzten bada eginen!
Zer iguzki-sartzeak, arrats guziez! Dena urhe; gorri gorria; urdin urdina gero, lilluraturik behar baitzen egon, heieri beha eta beha! Eta —baitiote, gure laborariek behako bat ere sekulan emaiten ez diotela holako ikusgarrieri— Piarres ikus ziteken han, mixteriozko gauza heieri beha, luzaz egoki... Gogoetan gelditurik, bazagon hantxet, heien egileaz, Jainko handiaz orhoitua; orhoitua ere, bera munduratu gabe, gauza hek, toki berean, harek bezala ikusi zituzten eskualdunez... Itsasoan uhainen ondotik uhainak bezala, hilen ondotik bethi heldu biziak; eta oro, Jainko beraren oinetarat, lerro lerro gaki, gauza eder heien guzien egilearenganat!...
* * *
Urtheko lan handiak hastera zoazin, eta laster. Etxean, gauzak oro moldatzen ari ziren lan heieri buruz. Tresneri, giderreri, uhaleri azken begi-ukaldi bat emana zioten Thomasek, Piarresek; eta orai, arthoen egiten ari ziren.
Egin zezala gero.
Maiatza urite,
Errearoa erhauste,
Urthea izaiteko ogite,
Anhartean, maiatzeko uri uharrak jautsi baino lehen, arthoak xitamiru eginen ziren. San Mark egunean, nihon bilha ibili gabe, aziak han zituzten emanak, erran xaharrak nahi duen bezala. Thomas, Marres, Ganix, trenpurik hoberenean, zoin gehiagoka lothuak ziren lanari, eta Marie, Oihanaldeko alaba maitea, bederazka bederazka artho-bihiak erainez ari zen, mixteriozko arrosario bat erraiten balu bezala beren alhor gizenaren gainera. Udaberriko loria guzia han zuten gainean. Eta sarri, udazkenean, zer arthoak selauruetan!
Senpereko uztarik ederrena arthoa izanagatik, bizkitartean, ez ziozkaten arthoak beren ogiak ahantzarazten; eta Oihanaldean, ez bazen bethi martxoko urguilu-jorrarik edo maiatzeko lasto-jorrarik egiten, sekulan ez zuten hala hala aphirileko behar-jorrarik huts eginen.
Bainan, zer loria ere, lanetik oro leherturik Oihanalderat itzuli ondoan, amak amodioz moldatu eltzekari onaren gostuz jatea, biitxi maiteen eta Gantxumeren hirri karkara pulliten erdian! Zer loria, bereziki, Gaxuxak laboria edo errealdia egin zuen egunetan! Xuxen, han ziren olhata ttikiak haurrendako, handiagoak gizonentzat, barne guzia orori kilikatzen zioten usain goxo bat zariotela. Amak kandatzen ere zuen, orduan, Ahur-hutsean gerthatu mixterioa, begiak xuri xuria, beha paratzen baitzitzazkon, aldi bakotx, Oihanaldeko haur maiteak oro.
«Beraz, basherri batean, bertzorduz, larunbat egun batez, etxekandre bat ari zen laboriaren egiten. Hor heldu zaio atxo xahar xahar bat. Eta atxo xahar harek galdatzen dio hean zerbeit emanen dion, Jainkoaren izenean? Etxekandreak, orhe pitta bat harturik, emaiten du bere palaren buru buruan, eta, labean orhe hura sartu orduko ogi eder bat egiten zaio labe haren barnean. Harriturik, eta ogi hura eskalearentzat ederregi kausiturik, bertze orhe miko miko bat, puskaz ttikiagoa, emaiten du suan; eta orhe mikoa egiten da berehala... ogi bat, aintzinekoa baino ere edarragoa; doi doia labetik atheratu ahal izan baitzuen, eta ere gutiago eman baitzion hura eskaleari. Hirugarren aldikotz, bi erhien artean, doi doia, hartu zuen beraz arhe pitta pitta bat; eta orhe hura labean hantu zen, hantu, hainbertzetaraino non labea bethe baitzuen eta hantxet tapatu; eta etxekandreak —ongi nahiko zuelarik— ezin eskuratu zuen gibelerat.
»Atxo xaharra egin zen orduan andre bat xoragarri-ederra, eta etxekandreari mintzatu zitzaion, erranez: "Ni naiz Ama-Birjina, eta larunbata nere eguna da. Zeren handiegi neretzat kausitu ditutzun olhata hoik, ez da ogirik eginen gehiago etxe huntan...". Eta hitz horiek erraitearekin, suntsitu zen Ama-Birjina. Eta, geroztik harat, Ahur-huts erraiten diote jendeek etxe dohakabeari. Eta, ez da ogirik gehiago egin Ahur-hutsean... Haurrak, Oihanaldean, bazterrerat eman dadila, bethi, Ama-Birjinaren eta eskale gaixoen ogia!...».
X
Dabit ihiztaria
Goiz batez, Oihanaldetik athera zen Piarres, etxeko zonbeit pottoka larrean ikusi beharrez.
Haize hegoak hazkarki emaiten zuen, gain hek guziak harrotzen zituela eta arintzen. Gibelerat ari, uso multzo batzu firurikan heldu ziren, haizeak alderdi guzietarat erainak.
Ixtilkan barna, haitz eder batzuen aldetik bazoan beraz Piarres, ezker eskuin ongi behatuz non bere pottokak ikusiko zituen, noiz eta ere, lizardi-kaskorat heltzean, berak batere uste gabe, aurkitzen baita uso-xola bat buru buruan zakarken arbola luze baten aintzinean. Haitzari gora, zurubi mehar mehar luzatuz bazoazin, eta han, arrano ohantze handi bat iduri, uso-xola gorri bat, Dabit ihiztariaren uso xola. Ohantzetik kanpo bide zen xoria; xixturik ez zen bethi jautsi gain hartarik.
Haitzari hurbil, bixkar-paretari hiru aldetarik josia, errekatik besoz garreiatu barri handi batzuz aintzinetik hetsia, han zuen Piarresek Dabiten jauregia. Oihan-etxe hartan, bi hilabethe luzez, Jainkoak egiten zituen urthe guziez, eta handik kasik mogitu ere gabe, bizi zen ihiztari zaharra, bakar bakarrik. Hiru lau egunetarik doi doia, gau-bethean, jausten zen herrirat, ogi zerbeit erosi beharrez; eta gero, ilhunbean, berriz oihanerat.
Horrela egunak oso osoa zituen ihiziarentzat; aski oraino errenkura baitzen, ilhargitara, gau argietan, ihizi hura, ixil ixila gain hartan, aintzina bazoala! Zer tiroen bazkak ez zitzaizkon suntsitzen, han, izar-arte ederrean!
Erregeak ez ahal ziren hala dohatsu beren jauregietan, nola Dabit bere oihan-etxean! Besotara bat hosto gozo ohetzat, bere philda zerbeit estalkitzat... Zer loria! Eta zer ametsak estalki heien azpian! Munduko uso guziak garbitzen zituen lotarik; eta gero goxoki lo eginik, zankez atzarriko zen, lehenbiziko paparo-gorria ttiutaka berroan hasi zitzaioneko.
Othoitz labur bat, eta, lasterrez, bere egun guziko jatekoa hantxet moldatzen zuen: baratxuri salda mehetto bat, lur-sagar zonbeit, ogi eta gasna puska on bat. Urrian, ahutaraka eta non nahi bildurik, bazuen onjoez tira, bekatu izanen zitzaion holakorik egitea sekula: «Usoak... moko-xuriendako; heien dirua Dabitendako...».
Ur-onttoari arras hurbil bizi zelarik, min guti egiten zion Dabitek, eta, haur haurretik, arras uste guttia zuen urean, hainitz gehiago arnoan. Hirririk batere gabe, eta burua daldaratuz erraiten zuen hau, bere aitari bertzorduz ikasia:
«Ur guti... indar guti!
Ur hainitz… indarrik batere ez!».
Argi hasteko igana zen bere lastoz eginikako dorrera, zeruaren eta lurraren artean egun guzia han egoiteko gero, iguzki-aldetik edo —udaberrian— hego-aldetik jinen ziren usoen beha. Trappeurs deithu Ameriketako ihiztari hetarik bat, hots, hori, ferde, dena hosta kolore egina...
—To, Piarres, hemengo aldi duk beraz? Sar hadi, sar; kolpe bat edanen duk, eta ez gero Ur-onttoko arnotik. Haugi barnera!... —Barnera! Hirri egiteko ere bazen...
Eta muthil gazteak han zuen beraz, aintzinean, herrian orok maite zuten ihiztari xaharra, oihanez oihan, errekaz erreka, bere buruaren jabe bethi bizi nahi zen Dabit ihiztaria. Gizon pullita, bere begi erneekin. Hilabetheko bizarrarekin bethi, balentria ere baitzitzaion bere bizar luzea.
Barnera sartu zen beraz Piarres, eta han zagon orai, orori beha etxola garbian, hostozko kamantzari, bi harri handiekin egin su-phizkiari, arbola ondo dilindan argi argia emanak ziren jateko herrementa guzieri.
—To, edan zak xahakotik, eta zalukara. Zerbeit beherean ahantzirik jautsia ninduan, doi doia, eta orai, gain hartarat berriz hupatu beharra nauk. Ihizia bazabilak egun, eta bertzalde, xeflatxa nere apeoen koskatzera jin beldurrez, ernatu behar diat. Heldu haiza? Xaakoa nerekin eremanen diat...».
Eta, zurubi luzeeri gora bazoan Dabit, gatua bezen zalu, haitzondoa inharrosten ere ez zuela. Haren ondotik igan zen gero Piarres, bainan puskaz pisuago, gain hartara jadanik heldua, hirriz eman zitzaion Dabit:
—Errak to, Piarres, arinago ez othe haiz ibiltzen, Ortzango erreka horietan, edo bardin errabotean? Zer dituk ala senpertar belhaunburu handiak hik ere?...
* * *
Eta, biak han ziren orai, haitzaren kaskoan, xolaren barrean. Dabit jada hupatua zen bere ikustokira. Zugaramurdi aidera begira, Etxalar eta Sara alderat hala hala, uso urdinak nondik atherako zitzaizkon.
Piarres, hura, ostixoan behereko jauregiari bezala, xolari beha eta beha zagon orai, eta xola hartan gauza guzieri: iratze gorriari, iratzean xixparentzat eginikako ziloeri, ihiztari xaharra hupatua zagon ikustokira joaiteko mail handieri, bi plegu eginik baizen sar ez ziteken xola hartako atheari. Xola bera, gehienean, arbola azalez estalia zuen Dabitek, usoaren hobeki oraino enganatzeko. Alabainan, xoriekin oihanean egonaren egonaz, ihiztari zaharrak ikasi ez zuen matrikularik ez zen.
Athea xutik zaukaten bi pazoteak, beheretik eta gaineraino oxke zuri batzuz oxkatuak ziren, bolanjerietako obi xotx batzu bezala. Dabitek zonbat uso garbitu baitzituen Lizardi-kaskoko xolan eta hainbertza oxke bazen han, bat ez gehiago edo gutiago.
Xola baino puskaz gorago, haitzaren kaskoan, beren paleteri estekatuak, lau apeo, begiak josirik han zauden, Dabitek bere erhiekin noiz dantzan hasaraziko zituen beha egoki. Inguru hetako arbola gehienek adar bat edo bertze bazuten eskas, noiz nahi tirokatuak zirelakotz, gorri gorria ere eginak tokika.
Eta Espainiara buruz itzulia, kapelua begien gainera sartua, begi hek, berak aiphatu xeflatxarenak baino erneagoak, ezker, eskuin, aintzin biratzen dituela, han zagon gure ihiztaria, orori beha eta beha. Ulitxa bat ez zen han iraganen, harek berehala ikusi gabe.
«Eskuin aire, itsaso hegaletik badioatzik egun usoak, Piarres. Hala ere duk aspalditto huntan. Banaka batzu dituk guregana hunat hurbiltzen. Helbarrongo edo Fausuko oihanean hobeki nindukek, udaberriko ihiziari buruz. Bainan, to, uso gutiagorekin, bakarrik nahiago nik hemen!...
Bainan, bertze xixturik duk ba, udazkenean, Lizardi-kasko huntan, usoa usoaren gainean trumilka heldu delarik, eta zoko guzietarik. Beha zak, to, Piarres, badenez non josta! Baiona, Bokale, Bidarte, Getaria, itsasoa; bixtak ereman ahala ikusten dela ihizia! Goixbiden hor izaiten dituk ba Gantxume, Ganix, Koxe, Battitta eta bertzeak; bainan baduk orduan ororentzat, aintzin hortarat jiten diren uztariztar onentzat ere ba.
—Zein atxikia ziren zure oihanari, Dabit! Ez ahal zaituzte hemen atxemanen, egun batez, Teilari zaharra lehen bezala?
—Ez balin ba, Piarres!... Eta ez zuan Lizardi-kaskoan erori Teilari gaizoa; hor, gibeleko oihanetan zuan. Eta, nere zurubiak bertzelako zurubiak dituk, gero!
Gizagaixo Teilari! Hilabethe bat lehenago, Koxe Tuturruk galdegina zioan, hean haren zurubiak ez zirenez zahartuxkoak? Eta Teilarik ihardetsi zioian: bere eskalapoinekin iragana zela gainetik, atxiki ere zutela, eta urthe hartakoa bederen eginen ahal zutela engoitik!
Hilabethe baten buruko, fin-gaixto egina zian...
Haren andreak, arrats guziez, hartzen ziazkoian egun hartako usoak, eta joaiten zain, ahaide baten etxean, Maignon aldean, lo egitera, Baionan gero biharamunean usoen saltzeko.
Arrats batez beraz, xolara bethi bezala joan ondoan, haitzaren azpian hila, eta jadanik hoztua atxeman zian bere andreak. Goizaz geroz han zuan, eroria, zurubiko azken bi makilak zangoen azpian kraskaturik. Hamabi metra goratik eroria zuan beraz, berehala han berean hil bide baitzen...
Karrasiaka andrea hasirik, auzoko ihiztariak lasterka ethorri zituan, Koxe eta bertzeak oro. Makila handi batzuen gainean ereman ziteian, eta ihiztariek egin ziteian, arrats hartan, beren ihiztari-laguneren gau-beila.
Eta, zer den, hatik, Piarres! Bere lau haurrak zenbeit denbora lehenago kanporat ezkontarazirik, bera berriz ezkondua zuan, adin batean jada zelarik. Errege baino dohatsuago zuan; bainan —zinezko aingeruen mezua— maiz erraiten omen zian halere: «Holakoa ere hola deskantsuan eman ondoan, zalu hil izan zuan. Zerbeit holako gerthatuko zaitak niri ere».
Eta ez zuan faltatu... Kurutze bat egin zioteian haitz bati kontra kontra; eta, haitza geroztik handiturik, haragi bizian bezala haitz hartan sartua duk Teilari zaharraren kurutzea. Jainkoak bere lorian duela gizon gaixoa!...
Bainan, zertako aiphatu dautak holakorik, Piarres? Ilhundura bat eman daitak eta! Aithortuko ere daiat, zahartzeari buruz, oihanak pitta bat izitzen nauela orai. Eta Donianeko ihiztari debru batzu ari zaiztak, berekin ni harat eraman beharrez, hau eta hura, baizik eta biziki hobeko dutala heiekin. Ez zakiat, to, zer egin... Eta han harat joaiten balin banauk ere, ez zakiat Senpereko minak Senpererat berriz ekarriko ez othe nauenez? Jende onak baitiat, karrika, hortan...
Horiek guziak hola, usorik bat ere ez ziaukuk hurbiltzen, Piarres. Ez ahal dazkidatak konjuratu?
—Bai, zera! Zure bizar alimaleak izitzen ditu eta!
—Bizarrak izitzen, usoak? Emak bakea, to!... Jaun bikarioa ba izitu diat, jaz, ene bizartto hunekin.
—Jaun bikarioa?
—Ba, jaun bikarioa. Bazko biharamunean, joana ninduan beraz nere bazkoen egitera, eta ez batere bezperako athorra-xuriaren baliatzeko. Berant arte, bezperan, ihizi ederra eginik, ene hilabetheko bizarra nerekin nian beraz, eta han nindioian, bi aingeru bezen prestu eta xitun.
Hor, jaun bikarioa ethortzen zaitak, kexu kexua, gaizoa, eta goratik erraiten dautala:
—Orai duzia zuk ere tenorea? Eta holako bizarrarekin oraino?...
Tik eta tak orduan, eta ahal bezen pulliki ihardesten dioiat:
—Jaun bikarioa, ez diozu behin ere, aldarearen gaineko Jon Doni Petriri behatu? Eian ez duenez harek ere bere bizar guzia?.
Hirria jali zitzakoian berehala jaun bikarioari. Kur kur kur sartu zuan bere xiloan, eta badiat uste halako kofesio goxorik ez dutan egin nere bizi guzian...»
Hirriz, Piarres zen ari orai, haitz kasko guzia inharrosirik zaukala; bainan, bet betan, apeoeri tira eta tira arizanik, bere bi eskuak hedatuz, pitta bat gibelatzen ere dela bera, ahapetik hasten zaio ihiztari zaharra:
—Xo! Xo!... Heldu, heldu! ez hadila mogi, Piarres! hegalak eman ditie...
Eta, apeoetarik bieri, ezker eta eskuin, hegal-xafla bat doi doia emanarazirik, bere ezpain meheak asikian harturik, ikustokitik xolara, pulliki pulliki bi plegutan jausten ari zen Dabit. Goiti behatzen zuen orai, den mendren harrabotsik egin gabe, esku bat bere xixpari buruz jada hedatua. Piarres ere ziloetarik beha emana zen, eta bi gizonen bihotzak tapa tapa entzunen ziren barne hartan.
Eta, jadanik, inguru eta inguru, firurikan jinak, hogoi bat uso eder ari ziren, arbola handietan finkatu beharrez.
Eta bet betan, hegal xafla pullit batean, huna non ziren geldituak, xolaren gaineko aldean, eta ondo hartako haitz handien gainean hala hala.
Burua xut xuta, mogitu gabe, han zauden xolari beha, beha ere heien enganatzeko baizik ez ziren apeo itsutueri, zerbeitez bekaiztuak balire bezala. Piarres pitta bat bere xokoan higiturik, airatzerat egin zuten. Berantegi! Gehiagoko gogoetarik egiteko astirik uso gaixoeri eman gabe, Dabitek, xixpa muturra zilo batean doi doia finkaturik, igorria zioten jada bere tiroa: Pan!... Eta hiru uso, hegalak bildurik, hiru harri bezen pisu erori ziren arbola azpira: pun, pun, pun.
Gaineratekoak, sekulako hegal-burrunban bazoazin. Ihurzuri harrabots batean; inguruka lehenik eta ohilduak bezala, eta gero, demuntreak hausteko, iguzki-alderat buruz ezin aski zalu joanez...
Hirriz ari zen orai Dabit. Bainan Piarres bere buruari aiherrez zagon; eta xutiturik, gehiagokorik gabe, abiatu zen kanporat:
«Banoa, Dabit. Zure makurtzeko baizik ez naiz hemen. Ez baitauzkitzut hortxet guziak airez aire igorri! —Ez duk fitsik, Piarres. Sankako bat lehenik xahakoari. Usoak arthiki ditiat; hola duk ihiztari-legea. Hire ondotik, Piarres!... Eta hoa othoi bakean. Ikusten diat orai ez huela usorik konjuratu. Behererat bahoanaz geroz, nere jauregian ematzik hiru hoik, zakurrek edo xinhaurriek hunki ez ditzaten. Ikus arte, Piarres»...
Piarres zurubieri beheiti bazoan, eta hiru usoak beherean gerizan emaiten ari zelarik, bere iratze-dorretik oihu egin zion oraino Dabitek:
Errak, to, Piarres! Ihizi sasoinean ezkontzen balin bahaiz sekulan, dotzena bat use badizkeiat hiretako. Eta gero, bizarra ere karrakatuko diat, goiz hartan berean, Oihanalderat gomit nahi balin banauk segurik... Jainkoak nahi duen arte, Piarres... Hire pottokak, hantxet ikusten ditiat, nere ustez, Haitz-Handiko bixkarrean...».
Bere kexua iraganik, gizon debruaren atheraldiari hirri egin zuen Piarresek; eta, hirriz bethi, Haitz-Handirat buruz joan zen beraz, bere pottoken ondotik.
XI
Larreko-gurutzera
Maiatza ethorria zen bizkitartean. Baxe-Nabarren eta Xuberon, mendi guziak, Iropilen, Hartxilondon, Iratin edo Aphanizen, arthaldez estaltzen ziren tenorean, ardi-saldo banaka batzu bazoazin Lapurdin ere larre-bixkarretara. Pottokak irrintzireka entzuten ziren Senpereko oihanetan. Beltxak, gorrastak, oro nahasteka zabiltzan, jo harat, jo hunarat, beren ile harroekin eta buztan luzeekin. Ttikiak, aphalak, gehientsuak; bainan zaluak, nola! Lanik aski emaiten baitzioten jabeeri, hek eskuratu nahiz, ondotik jabe horiek zituztelarik.
Bere ardi zonbeit bildu beharrez, nekaturik heldu zen Piarres. Ilhun-nabarra zen. Herria han zuen bere oinetan, oilo-amaren ondoan xitoak bezala, elizaren ondoan bildurik zaudela zonbeit etxe xuri xuri. Afal-tenorea hurbildua ere zelakotz, su-phizkia bakotxetik, xuxen xuxena zerura bazoazin khe arin eta garbi batzu, haizeak doi doia pitta bat makurtuak. Aberats ala behar, etxeko jaun ala bordari, su-phizkia bat ez duenik ez da Eskual-Herrian. Eta Piarresek, arrats hartan, lehen baino ere hobeki sumatu zuen, surik gabeko etxea arima gabeko gorphutzarekin emaiteko on dela doia. Khe gaixo hek maiteagoak iduritzen zitzaizkon gaur; bereziki Oihanaldekoa, bertzeek ez zuten zerbeit kausitzen ziolakotz.
Etxe-ondoan, mindei batean errexiñola bat ilhargiari ari zen, kantuan osoki galdua, bere zintzur ttiki ttiki hartarik urhea bezalako zerbeit lehen izarreri igor eta igor. Ilhun-nabar guziez hola zen, zonbeit egun hartan jada; gau-erdi guziez hala hala, eta argi-haste guziez ere ba. Brixtakoan doi doia, eta behin, ikusia zuen Piarresek pareta-zoriaren iduriko xori gorrostaño bat, harro harroa lumak, aztaparren gainean luzaturik, hosto batzuen gibelean kukutua. Eta kantuz eman zitzaion muthil gaztea:
Xori errexiñola ororen gehien,
Bestek baino hobeki hark baitu kantatzen;
Harek du enganatzen, mundua bai tronpatzen!
Ber' ez dut ikusten,
Bai boza entzuten!...
* * *
Jainkoak munduaren lehen egunean hola manaturik, ari zen beraz xori-errexiñola, munduren mundu hola bethi ariko baitziren errexiñolak...
Jainkoa! Bethi Jainkoa! Orotan ere den bezala, orotan ikusten zuen eta maitatzen gure Piarresek: Udaberriko uholde izigarrian, arrats gehienetako iguzki-sartze xoragarrietan, xori maite baten kantu urhezkoan. Eskualdunak odolean du hoi, eta Piarres zinez eskualduna zen.
Urthe guziez bezala eta lan handiak hasi baino lehen, senpertarrak jainko handi horri buruz itzultzera zoazin, laguntza hoberenak harenganik beharrez. San Blas egunean jada, herriko konfardia guziak haren gerizan emanak zituzten.
Ama on batek bezala, Elizak bazakien bere haurren gogoaren berri; eta, orai, udaberri-hastean, haur heieri galdatzen zioten ethor zitezen oro, zeruko saindu guzieri oihu egitera. Eta Piarresek maite zituen herriko proesione ederrak, bi hiru oren luze irauten zuten proesioneak.
Maiatzaren lehenean, jada, lerro lerro izanak ziren Amotzko kapera zaharrean, meza balios bat han entzuten. Zonbeit aste goiti beheiti gero Errogazioneen aldi ziteken.
Egun, Larreko Gurutzeari buruz joaitea zuten. Fede handiko gizonak lehenagoko senpertarrak! Herriaren lau bazterretan, herri haren guziaren alderdi orotarik gerizatzeko bezala, kurutzeak emanak zituzten gora landaturik: Urguriko larre muthurrean, Santa Barbara goren gorenean; Nañoarenborda aldean, Aantzen-bordako kaskoan. Hego-aldetik, Mendealetik, Ipharretik ala Iguzki-aldetik ethor zitezen ximixta-ortziak, kurutze bat han zuten, trebes emana, herriaren gainean lehertu baino lehen; kurutze hura, maiz, aski baitzuten, jin bidez gibeletat egiteko.
Goiz hartan beraz, iguzkia agertu baino ere lehen jaikia zen Piarres. Athe handia ideki zueneko, gauza maite maite baten aintzinean aurkitu zen. Etxearen aldeko eltzaur-ondoaren gainean, xuri eta beltx, lerro lerro emanak, hamar bat iñhara ttuttuttaka hasi zitzaizkon; bainan hain pulliki! Eta berehal-berehala gogoratu zitzaion Piarresi, aintzineko urthean Oihanaldean laketu iñharak zitezkela, han, arbola gainean, beren atherbeen galdez erasiaka. Heiako athea zabaldu zioten beraz; eta xori maiteak, orduan berean, karrasiaka eman ziren, eta gero, oihuka, haur batzu bezala, heia beroan trumilka sartu; handik berehala, loriatuak, kurumilkatu baitziren beren lehenagoko ohantze pullitetan... Eta Piarresek loria bat bazuen bihotzean, ikusirik Oihanaldea jendeeri bezenbat goxo zitzaiotela alimale eta hegaztineri. Bai zinez Jainkoaren etxea zen heien etxea, Maria zaharrak erran ere zioten bezala!
* * *
Eta orai, herriko gizonekin bazoan Piarres, Urguriko landa sorhoen erditik, aldapa xutari gora, Larreko Gurutzeari buruz.
Goiz goizetik, Urguriko neskatxa zonbeit Larre kaskorat iganak ziren, mahain, lore eta hostoila asko berekin zeramazkitelarik, kurutzearen aphaintzeko. Eta aphaindua ere zuten jada ederkixko, Utsaleko zubian kurutzea agertu zelarik. Kurutze hoi, hogoita hamar urthe hartan bederen, Pettanek zeraman, bethi bardin hazkar, bethi bardin kartsu, beattar handienari zonbeit aldiz doi doiako bat uzten ziola, besoak pitta bat deskantsa zitzaizkon.
Ezkila-dorrean, bethiko Piarres, herriaren zaintzale xaharra, unhadurarik batere sekulan ezpalu bezala, binbili eta banbala ari zen, proesionearen akulatzen.
Eta Pettanen ondotik bazoazin haurrak, bazoazin emaztekiak, gizonak, aphezak, neskatxa kantariak:
Sancte Petre, ora pro nobis,
Sancte Petre, ora pro nobis!...
Nehor guti atzarrarazten zuten Urgurin, urguritarrak oro proesionean baitziren. Eta bazoazin, Kanderatzean harat, Kandelarraldean harat. Suge handi bat bezala luzatuak ageri ziren, mendiari jada lothuak. Eguzkia gainean zuten; kanturik ere ez baitzioten egiten, halako baten berri bazakitelakotz aspaldi.
Arrosarioan ari ziren orai goratik; eta gero, tartean, zeru gain hartarik heieri beha zauden saindueri oihuz emaiten ziren Paxkal auzapheza, Josep eta bertzeak oro:
Sancte Dominice, ora pro nobis.
Ardi multxo bat alhan ari zen, mendi mazelan, belhar bat ahoan proesioneko jendeari beha emaiten baitziren, begi handi zuri batzuekin. Pottoka batzu ere harat hunat bazabiltzan; burua gora gora altxaturik bulta bat egon ondoan, tira-ahala lasterrez, alderdi guzietarat ohildu ziren, erhotu bet-betan balire bezala.
Bordalde baten ondoan, elhorri-xuri aldaska baten gainean, xori pullit bat, buztan muturretik eta mokoraino harrotua, kantuz eman zen, bere goizeko othoitza senpertar fededunekin egin beharrez.
Bidexka mehar mehar bati gora, othaska horitu batzuen artetik, kaskorat heltzen ari zen orai Pettan, xuri eta gorri aldean zituen bi beattarrekin. Eta, beren arrosarioak bethi eskuan, buru-has bethi iguzki minaren azpian urhats ezti gozo batean, kantuz heldu ziren gizonak, den mendrenik hatsantuak ere ez baitziren: Onmnes Sancti et Sanctae Dei, intercedite pro nobis!
Huna orai Larreko Gurutze ederra, mahain ttiki bat aldare bat bezala aintzinean emana, dena lore, dena hostaila ferde, bi besoak zabal zabala, proesioneko jendea eta heien gibelean hedatzen den herri guzia maiteki besarkatu nahi balu bezala. Kurutzearen erdi erdian, Jesusen orde, kurutzefika bat emana da, mahainaren gainean, xirio benedikatu batzuen artean, Ama-Birjina xuri xuri bat, lore-untzi pullitenak. Alde aldean kadira bat, marra urdin batzuekilako lonjera xuri bat, bere litsak dilindan; oihalaren gainean, molde ederreko untzi hori handi bat, guziek, harat heltzean, ur benedikatu xorta bat han hartzen baitute arhi-muthurretan, kurutzearen seinale nasai baten egiteko.
Eta horra non diren oro mendi-kaskoaren gainean bilduak, kurutzeko hurbil hurbila, eskuinetik gizonak, ezkerretik emaztekiak, aphezak kurutze haren aintzinean; herritik proesioneari beha zaudenek erranen baitzuten kurutze handi hura jende heien guzien gainean landatua zela:
Oi kurutzea, oi kurutzea,
Kurutze saindu maitea!...
Eta eskualdun kantu zaharra, hantuz eta zabalduz ere hedatu zen bortu heien gainera, herri guziaren, Eskual-herri guziaren amodioa eskaintzen ziola, bertze mendi-kasko baten gainean, besoak zabalik, guretzat hil izan zen Jainko-Gizonari. Mendirik ez zen egun karraskatzen; kalbarioko ilhunbe izigarririk ez zen jautsi Larreko Gurutzearen gainerat. Larruneko harri ilhunetarik altxatu ziren bakarrik lau edo bost arrano handi, inguru eta inguru zeru gorenean eman zirenak, herri bat othoitzean ari ikusteko bezala...
A fulgure et tenpestate!
Erremu hostoa eskuan, herriaren lau alderdietarat ur benedikatuaren hedatzen ari da apheza; eta hango jende guziak, belhauniko emanik, boz batean, boz ilhun eta hazkar batean ihardesten dio:
Libera nos Domine!
Kurutzea eskuraturik, kurutze harekin Senpere guzia inguratu eta besarkatu nahi balu bezala, aphezak egin ditu lau kurutze handi uhartzearen gainerat:
Ut fructus terrae dare et conservare digneris...
Te rogamus, audi nos...
* * *
Oro xutitu ziren orduan, eta, bazoazin jada, zoin bere alde. Emaztekiak jarri ziren sorro motzaren gainean, beren xokolat mutturraren jateko; bonbona eta oñ-oña bixiño hetarik ere baitzituzten ekarririk, hirriz elgarri eskainka ari ziren. Haurrak, jauzteka othe lilituen gainetik, nihon ez zagozken. Gizonak, xutik, multzoka emanak, beren zigarrottoen erretzen ari ziren, sasoinaz errenkuratuak, arratsaldean berean eginen zuten lanaz mintzo. Piarresi oihu egin zioten hetatik zonbeitek: kitzikatu ere zuten maiteki aintzineko igandean galdu pilota partida batez.
Kurutzearen aldean —eskualdun etxekandre hoberenen bethiko moldean xutik egoki hek ere— kurutze haren aphaintzaleak, beren mantelinak buruan, eskuak muntto munttoa bilduak, Kalbarioko emazteki sainduak iduri, aldarearen zain hantxet zauden, hirri maite bat ezpainetan.
Urguritar zonbeit gizon, ohidura zaharrenak hala nahi ere zuen bezala, herabe herabeak hurbildu zitzaizkoten, erretor, bikarioekin; Pettan, Paxkal gaizoa, Josep eta beattarrak ondotik. Edari ontto bat agertu zen orduan, kurutzearen aphaintzaleek mendi-kasko hartarat bethi bezala ekarririk; bixkotxa idor zonbeit ere hala hala, untzi xuri batean lerroka emanak. Eskual-Herriko asko tokietan liranja, katalinbrox eta bildotxak bezala, pokadu ttiki hoi eskaintzen ohi zen bethitik Senperen, proesionetako kurutzeen aldean.
Kurutze aphaintzaleak laudatu zituen jaun erretorak beren lana hain maiteki eginik, eta orai kanpo ederrari beha zauden guziak. Bixtak ereman ahala urrun, ageri ziren: itsasoa urdin urdina, zelaiak lanhoz hartuak, Baiona-aldeko bixkar-muthurrak, Bokaleko suak, Katedraleko orratz xuriak, Miarritzeko argi-dorrea, Gethari, Bidarte, Donianeko ondarroa, Santa Barbara, Arta, Ziburuko etxeak gero, Bordagain, Sokorri eta Urruña eta Zubernoako etxe xuriak. Baigura menditik eta Larrunerat, mendiak heldu ziren, bortuko alimale handi batzu bezala elgarri gainka. Atsulai hegalean, xuri xuria ezagun zen Arrantzeetako kapera, Lapurdi guziari begiratzen ziola. Hurbilago eta mendiaren oinetan, Ostolapetik eta Laputsagaraia artean, bertze Santa Barbaratik eta Espainiako mugaraino, Senpere guzia hantxet bazoan alderdi guzietarat, bere landa, sorho eta oihanekin, kantonamendu bat bezen handi zabaldu. Eta aphezak, gizonak, orori beha zauden, urrunean ikusten ziren etxeeri zoin beren izenak emanez. Ibarronen harat, uli beltx bat baino gehiago ez ageri, otomobil bat bazoan, ixil ixila lerratuz. Eta jaun erretorari jin zitzaion gogorat, mendi gain hetarat, bortu hetarat iganen zen eskualdunari gauza guttiño batzu idurituko zitzaizkola bathi otomobilak eta gainerateko gizonen tresna berrienak: itzaltto batzu doi doia. Puskaz handiagoa zen Jainkoa bortu hetan, eta bertze itzalik zuten harek egin mendi ederrek!...
* * *
Bizkitartean, iguzkia bazoan bethi eta gorago zeruan, eta herrirat itzultzeko, Amotzen gaindi inguru handia egin behar zen oraino.
Jaun erretorak esku-zarta bat eginik, oro berriz bildu ziren Kurutzearen ondorat. Agur bat egin zioten oraino bihotzetik: O Crux, ave, spes unica, eta bazoazin orai, lerroan berriz emanak, Amotzerat buruz, haitztegi bati behera, ezker, eskuin utziz borda xahar xahar batzu:
A fulgure et tempestate, libera nos Domine.
Xoilotegitik laster, huna Xirripitako erreka pullita, bere haitzekin, bere ithorrotx maitearekin, haurrek hurrupa bat hartu baitzioten, han iragaitearekin.
Martieneko errekari gora huna orai non direr abiatuak, Tontoloari, Martiene-Xikiari hurbil, Elixamendiri lothuak. Amotzko zeinu arina bulta hartan jada ari zen. Piarres Blankart ez zagon lo goiz hartan!
Buxtingorriko bixkarrerat heltzean, Pettanek eztitu zuen bere urhatsa, eta proesioneko jendeak gauzetan maiteena ikusi zuen aldi bat oraino, toki berean, bethitik ikusten ohi zen gauzetan maiteena.
Amotzko kaperatik doi doia atheratua, Manex zaharra —urthe hartako klabera— bere kurutze zilarreztatua eskuetan, buru-has heldu zen, Buxtingorriko intha hertsian hunat. Bethiko keeta beraren aldean gelditua zen orai Pettan, geldituak ere oro haren gibelean. Eta Manex heldu zen, bere urhatsean bethi. Eta huna (elgarretaratu direlarik), Amotzko kurutzeak, pitta bat trebes airean bera emanik, musu batean besarkatzen duela Senpereko kurutzea, haurrak bere ama besarkatzen duen maitetasun berarekin... Hainbertzenarekin, gizonak kantuz ari ziren berriz ere:
Oi Kurutzea, oi Kurutzea,
Kurutze saindu maitea...
Eta, orduan berean, bi kurutzeak aintzin, inthari behera joan ziren oro, Santa Madalenaren kapera zaharrean airearen benedikatzeko, sar-athera bat laburra egin beharrez... Kanpotik landa goxo zen, han, barne hartan! Amotztarrek beren eliza maitea aphaindurik emana ere zuten, garbi garbia, aphezeri, herritarreri ongi-ethorriaren egiteko. Piarres zaharra eta bethiko Mattin ez ziren gutienik loriatuak goiz eder hartan! Santa Maria Madalena, norbeitek lehenago xuri, gorri eta urdin ezarririk, othoitzean bethi, han zagon, bere bortuan, bi makilekin eginikako kurutze baten aintzinean nigarrez belhaunkatua...
Bederatziak eta erdiak irian, beren dorrean ezkilak zapartaka ari zirela berriz ere, itzuliak ziren eliza-nausira, azken benedizione batean goiz hartako beilaren bururatzeko. Bi oren eta erdi, buru-has iguzki saminaren azpian egon ziren beraz Piarres eta haren lagunak; uri-uharren azpian bardin egonen baitziren, gain hartako Jaun Handiak erauntsiak hala igorri baliozkate...
XII
Uda-hastea
PHESTA-BERRIAK
Kallak kantuz ari ziren ogi-petik, non nahi, elgarri hepaka, elgarren ondotik jostetan; Eriaroa zen, erre-aroa egiazki.
Belharretan hasia zen jendea, eta nolako karraskan! bezala orotarat hegaldaka; ama gazteak hunkigarri, gizonak hazkar, lorios; neskatxak pinpirina batzu maiteak zinez beren harat-hunatetan; xahar zonbeit, pitta bat herrestaka gaixoak, bainan lan unhagarri harek gaztetuak, arratsean gero umatuak luzatuko baziren ere ohearen gainean.
Argi-hastean eta ilhun-nabarrean bezala, eguerdian, ezkila-dorretik heldu zitzaioten Anjelus-zeinua, aingeruaren agurra, xutik hantxet erraiten baitzuten orok, iguzki-minari biziki ohartu gabe.
Salbatzaile Jaunaren 33 urtheen ohoretan, hogoita hamahirugarren danda ezkila-joaleak airerat igorri orduko, haurrek otharre batean ekarririk, han zuten bazkaria, berho-sasi baten aldean, sagar-ondo aphal baten azpian.
Otharrean amak ezarri oihal xuria hedatu zuen beraz Mariek, orduantxet segatu sorroaren gainean. Hurbildu ziren beraz langileak oro, eta arraiki hantxet eman, lerro lerro itzalean jarririk.
—Atx hatik! Zein goxo den arbol azpi huntan!
Eta hats-hartze luze luze bat egin zuten guziek, eta kasik guziek betan; hirriz eman baitziren, gauza horri ohartu zirenean.
Eta gopor zabal batzuetan, gainerainoko eltzekari beroaren jaten hasi ziren ixil ixila, solasik orduan haizu ez balitz bezala.
Thomasek, azken hurrupa gopor gorritik beretik hartuta, hirriz erran zion gero Gantxumeri:
—Gauza ona ekarri daukuk hau, Gantxume!. —Bainan, Gantxumek, bertzerik baitzuen hatik gogoan, ez zion deusik ihardetsi; uli-xori bat sasian atxeman beharrez ari zen...
Eltzekaria husturik, etxe arno zoria bat khendu zioten gizonek xahako beltzari; pitarra nahiagoz pitxerretik ari ziren aldiz bertzeak.
Mihiak zalutu zitzaizkoten orduan orori, eta, xingar zafla bat kanitaren muthurrean, solas eta hirri maiterik bazuten gure langileek! Ilhar gizen gizen batzuen ondotik, etxean eginikako gasnaren jaten hasi ziren, ogi xuriaren eta erhi handiaren artean zerra eder eder bat luzaturik. Gantxumek berak, uli-xoria aspaldian utzirik, hortzik aski ez zuen jan behar zituen guzien jateko.
Su egin nahi zuen kanpoan; burrunbaka ari ziren uliak; ttirrittak aldiz krizkolan, sasoinak erhotuak, ogi-arthoen erdian kixkailduak. Oilar kantu batzuetaz bertze harrabotsik ez zen batik nehon ezagun. Ederreneko oilar bat, mundu huntan egin ahala ari zen, han, ibar muthurrean: «Aberatsak, gu, u, u, u!», Handienekoak ihardesten baitzion berehala: «Gu ere ba, a, a, a!» —Gaineko-Etxekoaren aldi zen gero: «Gu, ontsa, a, a, a!». Eta Bazter-Zabalekoak errepikatzen zion kuxean: «Gu eza, a, a, a!».. «Marraka mehe bat azkenik, trenkatzerat doan zintzur baten marraka samina: Kak-Aphaleneko oilar hetikaren kantua: «Gu, probe, e, e, e!...».
Bainan, gero, oilarrak berak ixildu ziren, bero handiak joak hek ere. Khe arin arin bat eraikiz bazoan ikaran, alhor, mahasti eta sorroetarik, irakitzen ari den pandero batetarik atheratu khearen idurikoa.
Gantxume, Ganix, Marie, Xuriko luze luzea heien ondoan etzanik, xurrungan goxoki ari ziren, esku bat begien gainean.
Thomasek, Piarresek, pipa eta pipa kanpo ederrari beha luzaz egonik, lo aire bat ezin garraituz bazuten lanik aski. Halako gozo batek hartua zioten bihotza: urtheko lanak urhats onean bazoazin, Jainkoari eta aroari esker, Petrietako eginak zuzketen belharrak oso; artoak, behin jada jorraturik, bi, hiru aldiz behar bada jorraturen ahalko zituzten oraino...
Eta, arthoekin borrokan lokhartuak, hantxet zauden orai bi gizonak, beren lur maitearen gainean luze luzea etzanak biak, lur hura lotarik ere ezin utziz, hari josiak oraino eta gainean kurumilkatuak...
Pazko ondoko phesta handiak lerro lerro jin ziren eta hala hala iragan: Jon Doni Salbatore, Mendekoste, Trinitate. Eta Phesta-Berriak ziren orai, eskualdunek hain maite dituzten Phesta-Berriak.